Donostiako 67. Zinemaldia

'Patrick' eta 'La hija del ladrón' aurkeztu dituzte Sail Ofizialean

Gonçalo Waddingtonek eta Belen Funesek euren lehen lanak ekarri dituzte lehiaketara

'Patrick' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
mikel lizarralde
2019ko irailaren 25a
17:53
Entzun

Bi opera prima, eta biak istorio gogorrak diren dramak. Sail Ofizialean ez da, gaur, irribarrerako edo algararako tarte handirik izan; ez behintzat Guillaume Niclouxen Thalasso eman arte —gaur arratsaldean du emanaldi ofiziala—.

Goizean bi film latz izan dira protagonista. Lehendabizikoa, Patrick, Gonçalo Waddington aktore eta antzerkigile portugaldarraren lehenengo filma.

Protagonista, Patrick, 20 urteko gaztea, Parisen bizi da bera baino helduagoa den gizonezko batekin. Etxean egingo duen festa batera Polizia agertuko da, eta atxilotu egingo dute drogak izateagatik eta neska batekin bortitz ari delako jokatzen. Polizia-etxean, baina, ikusleak jakingo du Patrick 8 urte zituela bahitu zutela, eta urteak egin zituela desagertuta. Izena ere ez du Patrick. Mario da, eta portugaldarra da izatez. Polizia batek lagunduta jaioterrira joango da, amarekin elkartzera. Hortik aurrera, amarekin eta senide gertuenekoekin -izeba eta lehengusina bat- izango duen harreman hotz eta gatazkatsuak ardaztuko du filma

Belen Funes kataluniarrak, bere aldetik, La hija de un ladrón aurkeztu du Sail Ofizialean, hau ere bere lehenengo film luzea. Sara du protagonista, prekarietatean bizi den 22 urteko ama. Gizarte zerbitzuen etxe batean bizi da, eta ahal duen moduan ateratzen du aurrera bizitza. Bere aita, berriz, espetxetik atera da, eta bien artean harreman bat aurrera atera nahi badute ere, zailtasunak handiak izango dira.

Filmeko aktore protagonista Greta Fernandez da, eta bere aitarena egiten du Eduard Fernandezek. Hain zuzen ere, bere egiazko aitak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.