Bizkaiko metalgintza

Patronalak "txikizioak" salatu ditu, eta sindikatuek grebaren erantzun zabala nabarmendu dute

%80-85eko erantzuna izan du Bizkaiko metalgintzako grebak hirugarren egunean, sindikatuen datuen arabera. Milaka lagun irten dira kalera gaur ere, Bilbon.

Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioa, gaur, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 2a
09:55
Entzun

Piketeen "biolentzia, erasoak eta txikizioak" salatu ditu Confebaskek Bizkaiko metaleko langileen grebaren hirugarren egunean. Eduardo Zubiaurre presidenteak sindikatuen jarrera kritikatu du, ekinbide horiek "ez gaitzesteagatik". Sindikatuek, aldiz, langileen babes zabala nabarmendu dute: %80 eta %85 arteko erantzuna izan du gaurko deialdiak, haien datuen arabera.

Gaur ere milaka langile irten dira Bilboko kaleetara, eta, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren jarrera salatu dute, sindikatuek negoziatzeko borondate gutxi dutela esan baitzuen astelehenean. ELAko ordezkari Mikel Etxeberriaren hitzetan, "langileekiko sentsibilitaterik eza" erakusten dute Urkulluren hitzek. Confebasken arabera, "erabat egokiak eta zentzuz betetakoak" izan ziren Urkulluren adierazpenak.

LABek ohar bidez erantzun zion patronalari: "Arazoa ez dira piketeek sortutako istiluak; arazoa ‘pikete polizialaren’ probokazio eta mehatxuak dira". Hala ere, sindikatuak goraipatu du langileek "ozen" entzunarazi dutela prekaritatearen aurkako aldarria, "errepresio bortitz guztiaren gainetik".

CCOOko Luis Mouliak azaldu du "ahalik eta antolatuen eta baketsuen" aritzen saiatu direla, eta eskatu du "langileen baldintzetan" jartzeko arreta.

Maiatzean, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek negoziazio mahaian proposamen bateratua aurkeztu zutenean hasi zen indartzen Bizkaiko metaleko gatazka. Ordura arte, sindikatu bakoitzak bere eskariak zituen, baina, ordutik, mobilizazioetan bat egin dute ESK, USO, CGT eta CNTrekin batera. Maiatzean eta ekainean bost lanuzte egin zituzten, eta aste honetan bost egunetan ekoizpena geratzeko deia egin dute zortzi sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.