Seigarren indar erakustaldia

Bizkaiko metaleko aste osoko grebaren lehen egunak %85eko oihartzuna izan du, sindikatuen arabera. Urkulluren ustez, sindikatuek ez dute akordiorako asmorik; LABek haren dimisioa eskatu du

Bizkaiko metalgintzako langileek Bilboko kaleak bete zituzten atzo, itun duin bat eskatzeko. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Metaleko itun duinak eskatzen zituen pankarta alde batean; parean, pentsio duinen eskaria zeraman beste bat. Bizkaiko metaleko langileak «pentsiodunak, aurrera!» oihuka, eta «Bizkaiko metala, borrokan!» aldarrika pentsiodunak. Elkarri babes keinua eginda iritsi ziren bi manifestazioak helmugara, Arriaga antzokira, atzo eguerdian. Elkarri txalo egiten, eta bi pankartak bata bestearen ondoan zeudela jaitsi zituzten plazara iristeko eskailerak: ekitaldi bateratua egin zuten bi mugimenduek. Batzuen aldarrikapenak besteenak ere izan ziren.

Adinekoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta, horren atariko gisa, milaka pentsiodun kalera atera ziren Hego Euskal Herrian, azken 88 astelehenetan bezala. Baina atzo bat egin zuten Bizkaiko metalgintzako langileen udazkeneko lehen greba eguneko mobilizazioarekin, elkartasun keinu gisa. «Hemen gauden asko metalgintzako langile ohiak gara, eta zuen borrokarekin identifikatzen gara», esan zien Jon Fanok, Bizkaiko pentsiodunen plataformako bozeramaileak.

Borroka luze baten jarraipena hasi baita aste honetan metalgintzako langileentzat. Udako etenaldiaren aurretik, bost lanuzte egin zituzten maiatzean eta ekainean; orain, aste osoz sektorea geratzeko deia egin dute ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek. Atzokoa izan zen lehen lanuztea, eta %85eko oihartzuna izan zuen, deitzaileen arabera. «Aurreko lanuzteetan izandakoa baino handiagoa da», Mikel Etxebarria ELAko ordezkariaren hitzetan. Ildo horri eusteko borondatea ere erakutsi zuten, FVEMi mezu argia bidaliz: «Bide bakarra dago helburua lortzeko: borroka, mobilizazioa eta greba!». Akordioa lortzeko mugimendua patronalak egin behar baitu, Etxebarriaren ustez: «Haren esku dago akordioa lortzea, eta ez badu ulertzen, gatazka luzea izango da».

Sindikatuen arabera, patronalak ez du batere aldatu jarrera azken hilabeteetan. Urte eta erdi da ELA, CCOO, LAB eta UGT negoziatzera eseri zirela, bakoitza bere eskaerekin. Maiatzean, ordea, plataforma bateratu bat osatu, eta proposamen zehatzak eraman zituzten sindikatuetako ordezkari guztiek. Geroztik, gatazkaren tentsioa areagotu egin da, eta mobilizazioak jendetsuak izaten ari dira.

«Urkullu, FVEMekin batera»

Sindikatuen eta patronalaren arteko talka ez da negoziazio mahaira bakarrik iristen. Hortik kanpo, bi aldeek elkarri leporatzen baitiote akordioa lortzeko nahikoa egin ez izana. Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko ordezkariaren hitzetan, sindikatu denek eskaera bateratua egin zutenean, «bakoitzak gauza askori egin zion uko, proposamen bateratuaren alde». FVEMi aurpegiratu diote eskari horiei ez erantzun izana, eta proposamen hutsalak eraman izana negoziazio mahaira. Etxebarriak ere hala esan zuen: «Aipatu izan ditu gure eskarietako puntuak, baina edukietan sakondu gabe; hori iruzur egitea da». Patronalak, ordea, kontrakoa dio, maiatzetik proposamen ugari jarri dituela mahai gainean, eta sindikatuak direla mugitu nahi izan ez dutenak.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere sartu da gatazka horretan, patronalaren aldeko eta sindikatuen aurkako mezu batekin. Forum Europan egindako hitzaldi batean, Urkulluk esan zuen sindikatuek ez dutela «akordiorako borondaterik erakutsi». Areago, langileen ordezkarien eskaerak «logikoak» izanda ere, ziur azaldu zen FVEMek «ahal duen guztia» egin duela akordioa lortzeko, «enpresak baitira grebak nahi ez dituztenak». Sindikatuen aurkako adierazpenak gehiagorako ere eman zuen: «Uda aurretik jakin genuen sindikatuek grebarako proposamena egina zutela; udaberriaz geroztik aste honetarako lanuzteak aurreratzen baziren, eta udazken beroa aurreikusten bazen, pentsatu dezaket ez dagoela akordiorako borondaterik».

Langileen ordezkariek gogor kritikatu zituzten Urkulluren hitzak, eta gogorarazi zioten bi aldeetako baten jarrera defendatu zuela. LABek haren dimisioa ere eskatu zuen, adierazpenak oso larriak iruditzen zaizkiolako: «Urkulluk herri honen %2 babestu du: aberastasuna metatzen duten horiek babestu ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.