Zirkua

Gure Zirkuak azaroaren 3an amaituko du aurtengo bira, Araman

Urriaren 25etik azaroaren 3ra bitartean, zazpi egunetan egingo dituzte saioak. Bi emanaldi izango dira eguneko.

Gure Zirkuaren karpa, Kanbon (Lapurdi).
Gure Zirkuaren karpa, Kanbon (Lapurdi). Gue Zirkua/@GureZirkua

Berria -

2019ko urriak 8

Oiartzunen (Gipuzkoa) hasi zuen bira, udaberrian, eta udazkenean amaituko du, Gipuzkoako herri txiki batean: Araman. Gure Zirkuak aurtengo biraren azken zazpi emanaldiak eskainiko ditu urriaren 26an, 27an eta 31n, eta azaroaren 1ean, 2an, eta 3an. Eguneko bi saio izango dira: igandeetan,12:00etan eta 18:00etan; gainontzeko egunetan, berriz, 18:00etan eta 20:30ean.

Zazpi hilabeteko bira arrakastatsuari emango dio amaiera Gure Zirkuak Araman, hainbat herritan sarrera guztiak saldu eta aurreikusitakoak baino saio gehiago egin ondoren. Maiatzean, Oiartzunen hasi zuten bira, eta, ordutik, Berrizen (Bizkaia), Gasteizen, Bakion (Bizkaia), Hernanin (Gipuzkoa), Mungian (Bizkaia), Orion (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Kanbon (Lapurdi), Elizondon (Nafarroa) eta Leitzan (Nafarroa) izan dira.

Aurtengo biran, lehenengoan bisitatu ez zituzten herrietara joateko ahalegina egin dute; luzeagoa izan da, eta ikusle gehiagorengana iritsi dira. Herri bakoitzean, lehenengo biran baino egun gehiago igarotzea ere erabaki dute, jendeak sarrerak erosteko aukera handiagoa izan dezan. Hala, lehen arrakastaren ondotik, jauzia egin du Euskal Herriko lehen karpa ibiltariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna