Ekuador

Indigenek Ekuadorko Parlamentua okupatu dute ordubetez

Gobernuak instituzioetara hurbiltzeko debekua ezarri du, eta Quito hiriburutik Guayaquilera mugitu da. Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak "diktadura baten pare" jokatzea egotzi dio gobernuari, eta protestak iragarri ditu gaurko.

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urriak 9

Erregaien gaineko igoerak haserrearazi ditu herri indigenak. Joan den astean iragarri zuen Lenin Moreno presidenteak erregaiak erosteko laguntzak etengo zituela. Neurria jakin bezain laster, garraiolariek greba mugagabea hasi zuten, eta kalera irten ziren protestan. Gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen, eta, harekin batera, baita biltzeko eta mugitzeko askatasunak mugatu ere. Geroztik, egoerak okerrera egin du —500 lagunetik gora atxilotu dituzte, eta gutxienez manifestari bat hil da liskarretan—, eta, atzo iluntzean, milaka manifestarik Parlamentua hartu zuten.

Ordubete inguru iraun zuten Parlamentu barruko protestek, segurtasun indarrek negar gasekin handik aterarazi zituzten arte. Handik gutxira, 22:00etatik 05:00etara instituzio publikoetara gerturatzeko debekua ezarri zuten, istiluak etete aldera. Nazionalitate Indigenen Konfederazioak, ordea, dagoeneko iragarri du ez duela neurria onartzen, eta "diktadura baten pare" jokatzea egotzi dio Morenoren gobernuari. "Kalean jarraituko dugu neurri ekonomikoak, petrolioa eta meatzaritza politikak eta lurralde politikak salatzeko", ohartarazi du erakundeak.

Bien bitartean, gobernua Quito hiriburutik Guayaquilera mugitu da. Gobernuko kideek agerraldia egin dute han, presidenteari babesa agertzeko eta protestak amaitzeko eskatzeko. Herrialdean "kaosa" ezartzea helburu duen "konspirazio" bateko kide izatea egotzi diete manifestariei, eta leporatu horien eta "gizarte mugimenduen aldarrikapenak ordena demokratikoa suntsitzeko" erabili izana.

Rafael Correa presidente ohia egiten du Morenok protesten erantzule. "Estatu kolpe saiakera bat izan da hau, eta beraiek dauden honen atzean. Sektore indigena batzuk euren alde jarri dituzte hirian kaosa eta sabotajeak bultzatzeko.

Hauteskundeak

Bruselatik erantzun die Correak bere aurkako salaketei —han bizi da estatuburu ohia 2017an bozak galdiu zituenetik—. Estatuburu ohiak protestan jarraitzeko deia egin die manifestariei eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio Morenoren gobernuari. Correa bera aurkezteko prest agertu da, nahiz eta haren aurkako bi atxilotze agindu egon indarrean herrialdean: "Ni itzuliko nintzateke nere herrira. Sar nazatela preso nahi badute, baina utz diezadatela hautagaitza aurkezten".

Ukatu du protesten atzean egotea ere, eta baita Ekuadorko Gobernuak zabaldu bezala Venezuelan egon denik inolako konspiraziotan parte hartzeko. Oso gogor kritikatu du Moreno bera eta haren exekutiboak hartutako jarrera ere. "Psikiatrikoan behar luke [Morenok]. Gizakiak kobazueloetan bizi ziren garaiko hitzaldiak dira haienak. Beraiek dira kolpistak. Irtenbide demokratiko bat eskatzen ari gara gu".

Gaurko ere protestak dituzte deituak, eta Konfederazioak iragarri du eutsi egingo diotela deialdiari, etxeratze aginduari aurre eginez. Milaka manifestari espero dituzte dagoeneko militarrez beterik dagoen hiriburuan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna