Literatura

Harold Bloom kritikaria hil da

‘Mendebaldeko kanona’ liburu entzutetsuak bilakatu zuen mundu mailako fenomeno literario, eta arrakasta horren neurrikoak izan dira geroztik haren ikuspegi kontserbadorea salatu duten kritikak ere

jarraia172456.jpg
Inigo Astiz
2019ko urriaren 15a
14:43
Entzun

Sonako izena zuen akademian aurrez ere, baina 1994. urtean bilakatu zen erabateko izar Harold Bloom (New York, 1930- Connecticut, 2019). Urte hartan eman zuen argitara munduko literaturaren altxorra sasoian sasoiko eztabaida politiko eta moda ideologiko kontsideratzen zituenetatik liberatu asmo zuen Mendebaldeko kanona liburua, eta, unibertsitateen hormak gaindituta, nazioarteko arrakasta lortu zuen lanak. William Shakespeare, Miguel Cervantes, Geoffrey Chaucer, Dante Alighieri, Jane Austen, Marcel Proust, Emily Dickinson eta beste hamaika autoreren kalitatea aldarrikatzen zuen testuan, eta, editoreen eskariz, 26 autoreko zerrenda bat ere gehitu zion liburuari azken momentuan. Baina behin baino gehiagotan azaldu zuen damua epilogo horrek aurrez egindako lanari itzal egiten ziolako. Irakurria bezain kritikatua izan da haren lana, halere. Hamarkadak eman zituen Yale unibertsitatean irakasle, eta 1995ean eskuratu zuen Giza Zientzien Sterling Katedra esanguratsua. Naomi Wolfek, 2004an, izen-abizenez salatu zuen Bloom, 1983. urtean —artean oraindik haren ikasle zela— egin zizkion ukituengatik. Postuan mantendu du beti unibertsitateak, ordea, eta irakasle jarraitu du heriotzaren atariraino. Ostegunean eman zuen azken eskola, eta astelehenean hil zen, 89 urterekin.

Literatur kritika klase guztietako irakurleen eskura jartzea izan zen haren erronka, eta literaturan jarri nahi zuen arreta guztia horretarako. Gurutzada moduko bat abiatu zuen horregatik afrozentrismoaren, feminismoaren, marxismoaren eta berak “erresuminaren eskola” izenekoan multzokatzen zituen beste hamaika eskola teorikoren aurka. Eta, hain zuzen ere, horregatik beragatik jo dute Bloom misogino, arrazista eta klasistatzat. Kritikek ez zuten sekula kikildu, ordea, eta, besteak beste, publikoki jarri zuen ezbaian Doris Lessing idazleak jasotako Literaturako Nobel saria, “zuzentasun politiko hutsa” izan zelakoan.

"Nolabaiteko profeta"

Garaikideen artean, maite zituen Philip Roth, Thomas Pinchon eta Don DeLillo, adibidez, baina Shakespeare nabarmentzen zen sasoi guztietako gainontzeko autore guztien gainetik Bloomen kanonean. Ordea, behin baino gehiagotan salatu dute ideologiaz garbi aurkeztu nahi zituen irizpide literario horiek berak ideologikoki erabat kargatuta daudela. Besteak beste, klasista, arrazista eta misoginoa izatea egotzi diote kritikariek.

“Urteak daramatza polemikaren erdian”. Bloomen deskripzio zorrotza egin zuen Anjel Erro idazleak, adibidez, 2009an, Berria egunkariko literatura orrietan. “Nolabaiteko profeta bilakatu da, enperadorea biluzik dagoela oihu egitera jolas egiten duena eta aldi berean konturatu giten dena bere teoriak galduko direla, berak hobekien ordezkatzen dituen azken dinosaurioekin batera”.

Hil nahi den hori goratzea

Umetan piztu zitzaion literatur zaletasuna. Errusiatik iritsitako judu ortodoxoak zituen gurasoak, eta yiddisha zen etxeko hizkuntza. Bizitza aldatu zion New Yorkeko liburutegi publikoan eskuetara heldu zitzaion Hart Crane poetaren liburuak; zazpi urte baino ez zituen, eta geroztik literatura izan zuen bizitzaren ardatz. Berak ere onartzen zuenean buruan iltzatuta gelditzen zitzaion irakurtzen zuen guztia, eta buru barruan txirikordatzen edo talka egiten eraman ohi zuen barneratutako literatura hori guztia. Esaten zuenez, gai zen 400 orritik gorako liburu bat ordu betean aztertu eta asimilatzeko, eta gaitasun horren erakusgarri dira haren lan kritikoak.

Hain zuzen ere, idazle batzuen eta besteen arteko lotura horiek izan ziren The anxiety of influence liburuaren funtsa (1973). Hori izan zen bere lehen arrakasta editoriala. Poesiaren historiari buruz egiten zuen gogoeta autoreak, eta poeta handi guztiak aurreko poetekiko erreakzioz sortzen zirela defendatu zuen. Kritikariaren hitzetan, nork bere arbaso literarioak hiltzeko borroka freudiar baten emaitza zen literatura, nahiz eta, paradoxikoki, gatazka horrek nabarmen erakusten duen hil nahi diren aurrekari horiekiko zorra. Poesiari buruz ari zen Bloom zehazki, baina zabalpen handia izan zuen teoriak beste diziplinetan ere.

Etengabea izan zen bere jarduna, eta sei hamarkadatan 40 lan baino gehiago argitaratu zituen, eta sarrerak idatzi zituen ezin konta ahala edizio kritikotan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.