Langabezia

Langabezia tasa %9,2ra jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eustaten arabera, lau hamarren jaitsi da langabezia tasa urteko hirugarren hiruhilekoan, eta 7.200 landun gehiago daude

Lanbideko bulego bat. JUAN CARLOS RUIZ /EFE
xabier martin
2019ko urriaren 18a
08:46
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatuan 955.100 landun daude, 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera: hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.200 landun gehiago (+%0,8). Langabezia tasa %9,2 da, 2019ko bigarren hiruhilekoan baino ehuneko 0,4 puntu txikiagoa. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa % 56,9koa izan da 2019ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino bi hamarren handiagoa.

Lurraldeen arabera, Bizkaian handitu da gehien okupazioa, 4.300 landun gehiago baitaude; Gipuzkoan 2.400 landun gehiago daude, eta Araban, 500. Hiriburuei dagokienez, Bilbon eta Donostian okupazioa hazi egin da, 500 landun gehiagorekin; aitzitik, Gasteizen okupazioak behera egin du, 100 landun gutxiagorekin.

Sexuari erreparatuta, okupazioaren igoerarik handiena emakumeen artean izan da: aurreko hiruhilekoan baino 3.700 emakume landun gehiago daude, eta gizonezkoen artean, berriz, 3.500 landun gehiago.

Okupazioak ia sektore guztietan egin du gora

Biztanleria landunak gora egin du zerbitzuen sektorean (+7.100 ), industrian (+1.500), eta lehen sektorean (+400). Aitzitik, behera egin du eraikuntzan (-1.800). Okupazio tasak —16 eta 64 urte arteko pertsona guztien artean dauden landunak— sei hamarren egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %69,2koa da. Tasa hori %73,1ekoa da gizonen artean, eta %65,3koa emakumeen artean.

Lurraldeen arabera, Gipuzkoak du okupazio tasarik handiena, %71,5ekoa, eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 0,9 puntu egin du gora; ondoren, Araba dator, %70eko okupazio tasarekin eta 0,7 puntuko igoerarekin; azkenik, Bizkaian okupazio tasak lau hamarren egin du gora, eta % 67,5ean dago.

Langabezia tasa, behera

97.100 langabe daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, 97.100 pertsona ari dira lan bila, bilaketa kudeaketa aktiboa egiten, eta, gainera, lan egiteko prest daude. Aurreko hiruhilekoan baino 3.200 gutxiago dira. 47.400 gizonezko langabe daude, eta 49.800 emakumezko.

Hala, gizonezkoen langabezia tasa %8,6 da —hamarren bat egin du behera—, eta emakumezkoena, %9,9 —sei hamarren egin du behera—. Adinen arabera, gazteen langabezia tasa da handiena oraindik ere, % 20,1 baita, baina ehuneko 0,5 puntu egin du behera aurreko hiruhilekoaren aldean.

Bizkaian, aurreko hiruhilekoan baino 5.000 langabe gutxiago daude, eta langabezia tasa %10,4 da, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,9 puntu apalagoa. Araban, 16.500 langabe daude, 700 langabe gehiago, eta langabezia tasak lau hamarren egin du gora, %10,2raino; eta Gipuzkoan, aurreko hiruhilekoan baino 1.100 langabe gehiago daude, eta langabezia tasak 0,3 puntu egin du gora; %7koa da Gipuzkoaren langabezia tasa.

Jaurlaritza, gustura

Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek gustura hartu ditu urteko hirugarren hiruhilekoaren datuak; "positiboak" direla dio, langabeak 100.000tik jaitsi direlako. "Jaurlaritzak langabezia %10etik jaisteko ezarritako helburua egonkortu egin da". Bereziki emakumeen langabezia jaitsi dela nabarmendu du. "Gakoa da trebakuntza handiagoa izatea, enplegu gehiago lortzeko, eta kalitate handiagokoa". "Euskadiren erakargarritasuna" hazi degin dela uste du Artolazabalek, "bizitza proiektu berriak eraikitzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.