'Brexit'-a

'Brexit'-ari buruzko akordioaren bozketa atzeratu du parlamentuak

Johnsonek iragarri du datorren astean bozkatzeko asmoa duela irteera ahalbidetuko duen araudia eta akordioa bera, brexit-aren data atzeratu beharrik ez izateko. Oposizioak ohartarazi dio berehala hitz egin behar dutela Bruselarekin, akordioak aurrera egingo ez balu, data atzeratzeko.

Boris Johnson lehen ministroa Komunen Ganberako eztabaidan. JESSICA TAYLOR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urriaren 19a
09:02
Entzun

Komunen Ganberak hartu du erabakia, eta Boris Johnson lehen ministroari dagokio orain Bruselara itzuli eta brexit-erako data atzeratzeko eskatzea. Izan ere, gaur onartu duten emendakinaren arabera, akordioa bera bozkatu aurretik, hura indarrean sartu ahal izateko araudia onartu behar dute. "Ez dut atzeratzerik negoziatuko EBrekin, eta legeak ere ez nau horretara behartzen", erantzun dio gobernuburuak parlamentuari.

Urriaren 31rako Bruselaren eta Londresen arteko hitzarmena oraindik onartu ez badute, erabakiaren helburua litzateke hura atzeratu ahal izatea, akordiorik gabe irten beharrik ez izateko. Ordea, Johnsonen asmoa da datorren astean bozkatzea brexit-a ahalbidetuko duen araudia, eta haren ostean akordioari buruz eztabaidatzea, era horretan irteera data atzeratu beharrik ez izateko.

Berez, baina, gaur gauerdira arteko epea luke lehen ministroak Bruselarekin hitz egiteko. SNPko buru Ian Blackfordek ohartarazi dio Johnsoni ezin duela araudia parlamentuan aurkeztu, aurrez Bruselarekin hitz egin gabe. "Gaur hemen bozkatu den emendakinak argi uzten du Erresuma Batua ezin dela kolpetik irten EBtik".

Komunen Ganberan eztabaidan ari ziren bitartean, kanpoaldean dozenaka lagun bildu dira azken akordioari buruzko beste erreferendum bat eskatzeko. People's Vote plataformak antolatutako martxak eskatzen du herritarrek azken akordioari buruz erabakitzeko aukera bat izan dezatela. Horiek hala, parlamentuaren erabakia txaloka hartu dute manifestariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.