Enpresak

Siemens Gamesak Senvionen aktiboak erosi ditu, tartean Portugalgo pala fabrika

Sindikatuak kezkatuta daude erosketarekin, Siemens Gamesak Portugalen erosi berri duen lantegira eraman dezakeelako beste fabriketako ekoizpena. Siemens Gamesak Agoitzen (Nafarroa) pala fabrika bat du. 

Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiko irudia. IñAKI PORTO / EFE
Irune Lasa.
2019ko urriaren 21a
11:40
Entzun

Siemens Gamesa berriztagarrien fabrikatzaileak Alemaniako Senvion taldearen zati garrantzitsu bat erosi du, guztira 350 milioi euro hartuko dituen operazioan. Senvion kiebra jota zegoen, eta haren arduradunak saiatu ziren taldea bere osotasunean saltzen. Xede hori ezin lortuta, alemaniarrak Siemens Gamesarekin negoziazioetan hasi ziren, ea egoitza Zamudion (Bizkaia) duen taldeak erosten zuen energia eolikoaren alorra. Gaur, akordioa itxi dute bi aldeek.

Siemens Gamesaren esku geldituko dira orain Senvionen onshore zerbitzuen 8,9 gigawatteko negozioa, eta jabetza intelektual guztia. Horrekin batera, Zamudioko taldearena izango da orain Ria Blades konpainiaren jabetza, eta ondorioz, Vagos-eko (Portugal) haize erroten lantegia. 2010ean altxatako fabrika oso handia da, eta hamahiru kilometrora berarentzako propio eraikitako itsas portua du. Salerosketa akordioaren arabera, Senvioneko 2.000 langiletik gora orain Siemens Gamesakoak izango dira.

Zamudioko taldeak agiri batean adierazi du Vagosko lantegia Europako lehiakorrenetako bat dela. "Instalazio horrek Siemens Gamesaren balio kate industriala sendotuko du, eta Asiako hornitzaileekiko menpekotasuna arindu, egungo gerra komertzialek piztutako aldakortasunarekiko esposizioa murriztuz. Lantegi honek Siemens Gamesaren egungo ahalmena osatzen du merkatuan iragarritako eskaria gogobetetzeko".

Kezka

Negoziazioen berri jakin zuten bezain pronto zabaldu zen kezka Siemens Gamesak penintsulan —Espainian eta Euskal Herrian— dituen pala lantegietan. Sindikatuak eta langileak beldur dira euren lantegietako ekoizpenaren —eta enpleguaren— zati handi bat Portugalera eramango ez ote duen Siemens Gamesak. Agoitzen (Nafarroa) haize errotentzako pala fabrika bat du Siemens Gamesak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.