Lurramako egitarauak klima larrialdian jarriko du arreta

14. edizioa izango du aurten Lurramak, eta Nafarroa hautatu du gonbidatu berezi gisa bertako herri laborantza ezagutarazteko.

Lurramako 14.edizioaren egitaraua aurkeztu dute Miarritzen. FRANCOIS BERLAND
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko urriaren 22a
20:47
Entzun

Klima, bizia da! lelopean iraganen da Lurrama, azaroaren 8tik 10era, Miarritzeko Irati gunean (Lapurdi). Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatzen duen ekitaldia da, «laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzeko» asmoarekin. Aurten, Nafarroari leku berezia eginen diote. Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako laborarien arteko elkar ezagutza bultzatu nahi dute.
Laborariak «klima larrialdiaren bitkimak» direla nabarmendu dute antolatzaileek.Laborantza herrikoiak desafio horretan duen lekuaz hausnartuko dute hainbat eragilek hiru egunetan zehar.14.edizioa babesteko, bi  gonbidatu berezi izango dira: Valérie Masson Delmotte, GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko kolehendakaria, eta Piero Sardo, Slowfood eta Bioaniztasuna elkarteko lehendakaria; hitzaldi bana emanen dute.
Egitarau osoaren artetik, jendartearen mobilizazioaz arituko dira Fridays For Future taldeko gazte ekintzaileak. Elikaduraren inguruan tokiko laborarien lekukotasunak entzuten ahalko dira. Mintzaldiez gain, animazioak, tailerrak eta erakusketak ere izango dira. Euskal Herriko baserrietan atzematen diren kabalaki ikusten ahalko dira eta haurrentzako tailerrak proposatuko dituzte. Lehen aldiko, landare gune bat ere jarriko dute.

Ekitaldia hasi aitzin, ostegun honetan, film proiekzio bat emango dute Baionako Atalante gelan: John Chesteren The Biggest Little Farm (Baserri txiki handiena) dokumentala, hain zuzen.

Urtero bezala, alternatiben herrixka plantan ezarriko dute, «laborantza herrikoia defendatzen duten» elkarteei toki berezia eskainiz.
Hiru eguneko feria gauzatzeko, laguntzaile gehiagoren beharra badaukatela ere jakinarazi dute antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.