Siria

Errusiak eta Turkiak elkarrekin patruilatuko dute Rojavako "eremu segurua"

Putinek eta Erdoganek adostu dute YPG milizia kurdua Manbijetik botatzea. Siriako konstituzio berria egiteaz arduratuko den batzordea datorren asteartean elkartuko da.

Erdogan eta Putin, irudiaren erdian, gaurko bilera hasi aurretik. EFE
2019ko urriaren 22a
07:58
Entzun

Errusia eta Turkia arduratuko dira Rojavako "eremu segurua" patruilatzeaz. Hala adostu dute Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoak, Sotxin (Errusia) egindako bilera batean. Ez hori bakarrik: bi agintariek erabaki dute Herriaren Babes Unitateak (YPG) milizia kurdua Manbijetik botatzea, nahiz eta barrutia eremu horretatik kanpo dagoen.

Akordioa garaipen txiki bat da Turkiako presidentearentzat, bi agintariek adostu baitute Erdoganen "eremu segurua" gauzatu egingo dela. Bihartik hasita, Siriako eta Errusiako militarrak eremuan sartuko dira "YPGren elementuak eta bere armak" botatzeko; 150 orduko epean egitea adostu dute, eta horren ondoren Errusia eta Turkia arduratuko dira eremua mendebaldetik eta ekialdetik zaintzeaz —10 kilometroan—, Qamixlin izan ezik.

Iragan ostegunean, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Turkiak 120 orduko su-etena adostu zuten Siriako Kurdistanerako. Baldintza nagusi bat jarri zuen Ankarak: milizia kurduek erretiratu egin beharko zutela mugatik 32 kilometro atzerago, eta mugaren ondoan sortuko duen "segurtasun eremu" horren kargu izatea.

Kurduak gehiengo diren Siriako Indar Demokratikoek (SDF) gaur jakinarazi du baldintza hori bete dutela, eta AEBek sinesgarritasuna eman diote albisteari. "SDF Ras al-Ain eta Tel Abyad arteko eremutik erretiratu da", adierazi du Mervan Qamixli bozeramaileak.

"Eremu seguruari" buruzko albisteez gain, bi agintariek jakinarazi dute datorren asteartean elkartuko dela Siriako Batzorde Konstituzionala; herrialde horren konstituzio berria egiteaz arduratuko da.

Al-Assaden bisita frontera

Erdogan eta Putin batzartu aurretik, Baxar al-Assad Siriako presidenteak indar erakustaldi bat egin du, Siria ipar-mendebaldeko Idlib probintzian dauden soldaduak bisitatzera joanda. Han zegoela, kurduei laguntza eskaini die Turkiaren erasoaldiari aurre egiteko: "Hau ez da erabaki politiko bat. Prest gaude Turkiaren erasoaren aurkako erresistentzia egiten duen talde oro babesteko".

Turkiak hilaren 9an erasoa agindu zuenetik, 7.100 errefuxiatuk egin dute ihes Siriako Kurdistandik Irakekora, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.