Literatura

'Iturria' eleberria aurkeztu du Unai Elorriagak

"Ipuin liburu bat izatetik oso hurbil dagoen nobela bat" osatu du idazleak; hamar narrazio daude oinarrian, eta horiek harilkatzeko osatutako markoak biltzen ditu guztiak. Susarekin eman du argitara.

Unai Elorriaga idazlea, gaur goizean, Donostiako Tobacco Days liburu dendan. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 23a
21:19
Entzun

Liburua irakurri dutenek zalantza azaldu diote idazleari, ea Iturria nobela bat den, edo narrazio bilduma bat. “Niretzat ipuin-bilduma bat da”, argitu du idazleak, gaur goizean Donostian egin duen aurkezpenean. “Zer gertatzen da? Nobelaz mozorrotutako ipuin-liburu bat dela. Hari bat dauka, baina hori artile ere bihurtu da; gehiago esango nuke, soka ere bihurtu da. Mozorroa bihurtu da ipuinak eurak baino potoloagoa”. Eta, hala ere, liburuaren balio literario handiena ipuinek dutela uste du Elorriagak.

Pertsonaia nagusietako baten abizenari zor dio izena liburuak: Pedro Iturriari. Ipuinak idatzi, eta Europako herrialde ezberdinetan argitaratzen ditu, lekuan lekuko hizkuntzan. Haren bila abiatzen da Soro Barturen, Iturriaren gaztetako laguna. Haren ipuinen atzetik abiatzen da Europan zehar, Erromanekin eta Eszter Nagy itzultzailearekin batera. Eta bilaketa hori da, hain justu, ipuinei jarritako markoa, narrazio sortari jarritako mozorroa. “Nire lehenengo nahia ipuin liburu bat egitea bazen ere, egia da markoak beste gauza asko eman dizkiola liburuari”, azaldu du egileak. Eta horien artean umorea nabarmendu du; batik bat, Soro Barturen pertsonaiaren esku geratzen dena.

Ipuinak askotarikoak badira ere, guztiak nolabait zeharkatzen dituen gaia heriotza dela aipatu du Leire Lopez Susako editoreak. Ez zaio iruditzen, ordea, horrek liburu “triste” bat bihurtzen duenik: “Liburu bitalista bat iruditzen zait. Eta hori Soro eta Erroman pertsonaiek ematen diote. 79 urte dituzte, baina bizitzaren aurrean duten jarrera oso bitalista da; indar handia dute. Sorok, bereziki, nahi duena esan eta nahi duena egiten du. Eta ziurrenik heriotza hurbil ikusteak eragiten du horretan”.

Liburuan ahozkotasunak duen garrantzia ere azpimarratu du Lopezek. Baita literaturaren gaineko irakurketek duten pisua ere: batzuetan agerian azaltzen dira —Barturenek itzultzaileekin dituen elkarrizketetan literaturaz hitz egiten dutenean, kasurako—, baina, editorearen ustez, liburuak bere osotasunean dihardu literaturaz. “Bereziki egiletzaz, idazleen egoaz eta beldurrez; nahiko lotuta dauden bi kontu”.

Eloriagaren seigarren liburua da Iturria. 2001n agertu zen plazara, SPrako tranbia (Elkar) eleberriarekin, eta ondotik eman zituen Van't Hoffen ilea (Elkar, 2003), Vredaman (Elkar, 2005), Londres kartoizkoa da (Elkar, 2009) eta Iazko hezurrak (Susa, 2014).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.