Musika

Holsten 'Planetak' eta Erkorekaren 'Zuhaitza' interpretatuko ditu EOSek

Datorren astean emango ditu orkestrak programa berriko kontzertuak. Juanjo Menak zuzenduko ditu, eta Kalakan-ek eta Vocalia Taldeak ere hartuko dute parte.

EOSen programa berriaren aurkezpena, gaur goizean, orkestraren Donostiako egoitzan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 31
15:45
Entzun

«Batek ez du inoiz ahazten non hasi zen». Horregatik, Euskadiko Orkestra Sinfonikora itzultzea, beste ezeren gainetik, «elkar aurkitze bat» dela sentitzen du Juanjo Menak. Datorren astean estreinatuko duen programa berria aurkeztu du EOSek; «programa berezi eta asko itxarotako bat», Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiaren hitzetan. Asko itxarotakoa, batik bat, Menak agendan leku bat noiz izango zain egon direlako. Haren zuzendaritzapean, bi protagonista nagusi izango ditu programak: Gustav Holstenen Planetak obra klasikoa, eta Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obra garaikidea. Euskal Herriko artistak bilduko dituelako ere izango da berezia; Vocalia Taldeak hartuko baitu parte Planetak-en, eta, Kalakan hirukoteak, berriz, Zuhaitz-en. Banan-banan, guztien parte-hartzea nabarmendu du Menak: «Beti esaten diet orkestrako kideei: ‘Ni ibil naiteke hortik zehar zuzentzen, baina zu ere hor zaude, nirekin jo zenuena, eta zure denborako minutu batzuk eskaini zenizkidana, nik ikas nezan’. Ez da ahaztu behar musikariaren eta zuzendariaren artekoa energia truke etengabe bat dela».

Holsten bi piezaren artean, programaren erdigunean izango da Erkorekaren Zuhaitz obra. 2016ko martxoan estreinatu zuten, Madrilen, Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta Menaren zuzendaritzapean, eta ordutik ez da berriz jendaurrean erakutsi. Euskal Herriko estreinaldia izango da, beraz, datorren astean EOSek egingo duena. Izenburuak, sinbolikoki, «bizia hartzen duen zuhaitz bati» egiten dio keinu, Erkorekaren esanetan. «Egurra da piezaren oinarriko materiala, batez ere Kalakan-en txalapartaren bitartez, baina baita orkestrako hainbat instrumentutan ere: marinba, xilofonoa, egurrezko taulak...». Obraren egitura bera ere «adarkatzen» doala aipatu du, «testura ezberdinak lortuz, solistentzat erresonantzia kutxa handi bat bilakatzen den arte». Ez du ezkutatu, halaber, obrak gordetzen duen mezu ekologista: «Are gehiago, har daiteke naturaren aldeko oihu bat bezala».

Horrekin batera, musika «kultuaren» eta folklorearen arteko uztarketa bat ere jasotzen du piezak. Hori izan da, hain justu, lan honen erronka konpositorearentzat: «Ahozko tradiziotik datozen Kalakan-eko musikariak eta orkestrakoak uztartzea, zeintzuek azken detailera arte duten dena partituran jasota». Obra idazten hasi aurretik, Erkoreka bera hurbildu zen Kalakan-ekoengana, txalapartarekin eta orkestrarekin pieza bat egin nahi zuela esanez. Haiek beste hainbat instrumentu erakutsi zizkioten (adarra, danborrak, tobera, alboka...), eta buruan zuen asmoa erabat aldarazi zioten. «Ideia, azkenean, Kalakan-i bete-betean egokitzen zaio obra bat egitea izan da». Emaitza, guztien gozamenerako lan bat dela erantsi du Menak: «Orkestraren mundua hain da zurruna, tarteka ito egiten duela. Hemen, denok esperimentatu ahalko dugu zerbait libre eta freskoa».

Jamixel Bereau Kalakan taldeko kideak, bestalde, eurentzat dena «abentura handi bat» izan dela aitortu du. Erkoreka haiengana joan zenean, musika garaikidea euren mundutik oso urruti sentitzen zutela kontatu du; elkarlanean hasi zirenean ez zutela ezer ulertzen. Bidean, buelta eman du denak: «Hizkuntza berri bat ikasi dugu, ez genuena ezagutzen. Hastapenean, bagenituen partitura batzuk, eta ez genuen ezer ulertzen. Pixkanaka-pixkanaka, hasi gara ulertzen, entzuten, baita irudiak ikusten ere». Esperientziak, baina, euren unibertsoa ireki eta eraldatu egin duela uste du orain. «Kalakan-en biharko musikan ere hor izanen da».

EOSeko zuzendariak ere aurreratu du hirukotearekin lanean segitzeko asmoa dutela: «Erabat murgilduko gara Kalakan-en unibertsoan, eta programa esklusibo oso bat egingo dugu».

Holsten planetak, Vocalia taldearekin
Orkestrak Holsten konpositore klasikoaren obra batekin zabalduko du programa, eta beste batekin itxi. Inoiz gutxitan interpretatzen den pieza batekin hasiko dira, Rig Vedako ereserki koralak-ekin, eta Planetak ezagunarekin amaituko dute. Mena: «Halako pieza ospetsuek duten arriskua hori da, jendeak zerbait berria jaso, baina dakiena errekonozitu nahi izaten du».

Menak hala bilatuta kantatuko du Vocalia Taldeak Planetak-en. Eta aukeragatik eskertuta agertu da Arantxa Vega, taldeko guztien izenean. Basilio Astulezek zuzentzen du emakumez osatutako taldea, eta euren kontzertuetan erakusten ari diren «kalitate bikaina» goraipatu du Menak. 16 urte zituela, Gasteizko eskola batean koro bat zuzendu zuela ekarri du gogora, eta orduan 8-14 urte arteko neskak ziren asko topatu ditu orain Vocalia taldean. «Oso hunkigarria zait hori».

Kontzertuak ohiko hiriburuetan emango dituzte: astelehenean abiatuko dira Gasteizko Principal antzokian; hilaren 5ean, Iruñeko Baluarten izango dira; 6an eta 7an, Donostiako Kursaalean; eta, 8an, ostiralez, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.