Errugbia

Hegoafrika, hirugarrenez munduko txapeldun

Ondo merezita irabazi dio Ingalaterrari finalean (32-12). Aurkariaren huts asko eragin ditu defentsari esker, eta ondo baliatu ditu

Siya Kolisi Hegoafrikako selekzioko kapitaina Munduko Kopako trofeoa altxatzen. MARK R. CRISTINO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 2a
19:12
Entzun

Siya Kolisik atal propioa izango du Hegoafrikako errugbiaren historian. Webb Ellis Kopa altxatu duen bere herrialdeko selekzioko lehen kapitain beltza izan da. Ondo merezita altxatu, gainera, Hegoafrikak 32-12 irabazi baitio Ingalaterrari finalean, eta Munduko Kopan zehar eginiko behetik gorako bidea —lehen fasean partida bat galdu zuen Zeelanda Berriaren aurka— borobildu du.  

Hegoafrikak defentsari esker irabazi dio Ingalaterrari, Yokohamako (Japonia) estadioa bete duten 71.000 ikusleen aurrean. Talde sendo eta argia du Hegoafrikak, eta ondo eragin ditu aurkariaren hutsak. Lehen hemezortzi puntuak zigor kolpeen bitartez lortu ditu, eta, aleka-aleka, tartea irekiz joan da. Finaleko lehen zatia oso taktikoa izan da, eta Hegoafrika 6-12 iritsi da aurretik atsedenaldira. Handre Pollarden zangoa izan da tarte hori irekitzearen arduraduna.

Bigarren zatiaren hasieran traza bera izan du. Txapelketan egon diren bi aurrelari multzo onenek talka egin dute. Bigarren zatiko lehen ordu laurdenean bost zigor kolpe egon dira, eta Hegoafrikak aldeari eutsi dio (12-18, 59. min). Tarte askotan finalak xake partida itxura izan du, eta Hegoafrikari komeni zitzaion, emaitza alde zuelako. Errenta horrek lasaiago jokatzen utzi dio, eta horri esker lortu lehen entsegua (12-25, 66. min). Jokaldi polita kateatu ezker aldetik, eta, azkenean, Makazole Mapimpi hegalekoak ezarri du baloia Ingalaterraren eremuan.

Hor bukatu da finala. Hegoafrikak jokoa kontrolpean zuen, eta Ingalaterra etsita zegoen. Txapeldunek ondo baliatu dute egoera beste entsegu bat egiteko. Chelsin Kolbek lortu du (12-32, 74. min). Hegoafrikak, horrenbestez, 12 urtez behin txapeldun izatearen ohiturari eutsi dio, aurreko Kopak 1995ean eta 2007an irabazi baitzituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.