Musika

Atea ixtea ahaztu zaion elektronika

Elektronikaren, raparen, musika industrialaren eta metalaren bidegurutzean sortu du laugarren diskoa Revolta Permanent taldeak: 'Lobotomiak'

Revolta Permanent taldeko kideak, 'Lobotomiak' diskoaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Inigo Astiz
2019ko azaroaren 5a
16:19
Entzun

Nabarmen zalantza eginez abiatu du Aitor Abio musikariak Revolta Permanent taldearen estiloa definitzeko saiakera. “Elektronikaaaa...”. Eta segundo bakar baten ostean ohartu da, hain justu, zalantza horretan bertan zegoela erantzuna hasieratik. “Elektronikaaaa, igual horrela, lau a-rekin”. Erabat itxi gabe. Nahita. Musikariaren hitzetan, Revolta Permanenten kasuan, oinarri elektroniko horrek lekua uzten baitie hip-hopari, musika industrialari, metalari, eta baita trap “tantatxo” batzuei ere. Gainera, orain arte baino ahots melodikoagoak sartzen ausartu dira Iker Villa eta Iker Aginaga abeslariak, eta osagai horiek guztiak uztartuta osatu dute beren laugarren diskoa: Lobotomiak (Baga-Biga).

Hasieratik izan dute buruan lobotomiaren kontzeptua. Hortik tiraka sortu dute musika, eta hortik dator titulua ere. Aginagak azaldu du zergatik: “Lobotomia praktika mediku bat izan zen, zeinaren bitartez saiatzen ziren sendatzen gaixotasunak, eta baita, gaixotasunak zirela uste izan arren, gaixotasunak ez direnak ere. Eskizofrenia, antsietatea eta depresioa, edo berdin homosexualitatea eta komunismoa ere”. Gehienbat AEBetako gizartean izan zuen eragina praktika hark, eta, abeslariak esan duenez, “arriskutsutzat” jotako ideiak ezabatzea zen helburua. “Gure gizartean ere, gaur egun, hemen, lobotomia horiek, nolabait, jarraitzen dira egiten oraindik ere”. Eta ideia horren ezpalak dira diskoko hamaika abestiak.

150 kontzerturen ostean, formatu aldaketa

Laukote formatuan hasi zuten ibilbidea 2014an: Villa eta Aginaga rapean eta kantatzen, Mikel Becerra gitarra jotzen eta Abio teklatu eta sintetizadoreak sartzen, eta 150 kontzertu baino gehiago eskain dituzte horrela. Ordea, hasieratik izan zuten gogoa bateria jotzaile bat ere gehitzeko, eta horretarako batu dute taldera orain Guille Peña. Bi kontzertu egin dituzte harekin oraingoz, baina taldeak oholtzan asko irabazten duela azaldu dute kideek. Diskoan ere txertatu dituzte bateria akustikoak, eta horrek ere “puntu bat” ematen diola uste dute.

Musika aldetik, nabarmena izan da taldearen garapena. Hasieran, rap kutsuko pasarteak ziren nagusi ahotsetan, adibidez, baina indarra hartuz joan dira ahots melodikoak, eta diskoa aurkezteko aukeratu duten R abestia da horren erakusle. “Revolta Permanentekin hasi ginenean, 17 urte genituen Ikerrek [Villak] eta biok”, azaldu du Aginagak. “Pixkanaka hazi garela sentitzen dugu, eta gero eta gauza gehiago egitera ausartzen gara, eta horregatik daude, adibidez, gauza berezi eta landuago horiek R kantuan”. Oharra gehitu dio azalpenari Villak: “Beti esaten dugu berdina, baina gure diskorik helduena da”.

[youtube]https://youtu.be/zQ42UDGIRjg[/youtube]

Hil da jainkoa

“Aitor [Abio] da gure zuzendari artistikoa”, aitortu dute abeslariek. Zehaztu dutenez, ez ditu Abiok bakarrik hartzen erabakiak, baina funtsezkoa da bere ekarpena taldearentzat. Hark sortzen ditu abestien oinarri instrumentalak, hark gidatzen ditu kantak, eta hark egin ditu grabazio lanak ere Gaua estudioan. Besteak beste, Matxura eta PiLT taldean aritua da aurrez Abio, eta ibilbide hori ere presente izan du diskoa sortzerakoan. Eta hortik dator azken kantaren titulua: 3.1416. PiLT taldearekin sortutako Hil da jainkoa abesti ezagunaren bertsioa egin nahi izan du Abiok diskoa ixteko. “Matxura taldearekin egin genuen moldaketa bat, oso era zikinean eta azkarrean, eta hau beste era batera egin nahi genuen”.

Diskorako egindako ekoizpen lana nabarmendu du Abiok, eta, zehaztu duenez, aldi berean da taldearen diskorik melodikoena eta diskorik zikinena. “Nahiko borobila gelditu zaigu”, esan du.

Elektronikarentzakoaitortza

Bi kolaborazio ere badituzte diskoan. Ahotsa jarri du Aritz Mendiola aktore eta abeslariak Adikzio berri bat abestian, eta Maria Redondo abeslari eta aktorearena da Garrasi abestiaren hitzak eta emakumezko ahotsa. Bi sortzaileak aritu izan dira Go!zen telebista programan parte hartzen Villa abeslariarekin batera.

Diskoa entzutera gonbidatu zuten eguna hartu du gogoan Ritxi Aizpuru Baga-Biga etxeko musika ekoizleak. “Badakit Abio nondik datorren, eta hor daude PiLT eta Matxura, eta badakit Revolta Permanent ere Herri Oihua taldetik datorrela, baina kantak entzun, eta ikusi nuen hemen musika industrial pila bat dagoela, eta elektronikaz blai dagoen disko bat dela”. Eta egin du bere definizio propioa: “rap elektronikoa eta industriala”, eta soilik horren ondoren, gehitu du “metala” ere badagoela. “Ez dute haiek ireki elektronikaren bidea, baina disko honek oso lerro zabalak eskaintzen dizkio musika horren aitortzari”.

Bideoklipa eta zuzenekoak

Bideoklipa ere sortu dute R abestiarentzat. Villak zuzendu du lana, eta morrontza egoera batetik askatzen den emakume baten mendekua kontatzen du bideoak. “Erru sentimenduari eskaini genion abesti hau, eta bideoan nahi genuen islatu gizon boteretsu baten posizioa, eta garbitzaile baten posizioa, eta azken honen matxinatzea”.

Azaroaren 30ean egingo dute diskoaren aurkezpen kontzertua, Errenteriako Niessen kulturgunean (Gipuzkoa), eta Durangoko Azokan ere egongo dira bai oholtzan, eta baita diskoak saltzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.