Lan gatazka

Bizkaiko metaleko sindikatuak prest daude konpainia handiak "blokeatzeko"

FVEM patronalari "negoziatzeko borondaterik eza" egotzi diote ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek.

Metaleko langileen greba egun bateko protestak, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 5a
16:11
Entzun

Sidenor, Arteche, ITP eta Aceros Olarra konpainiei mezu argia eman diete gaur Bizkaiko metalgintzako itunaren alde protestan dauden sindikatuek, sektoreko denek alegia: "Metaleko ituna blokeatzen jarraitzen badute", sindikatuek konpainia horiek "blokeatuko" dituzte. Ostegun honetan aldeek duten negoziazio mahaia bildu aurretik, auto karabanak egin dituzte sindikatuek, FVEM patronalari "borrokan" jarraitzen dutela gogorarazteko

Sidenor eta Arteche enpresetatik abiatu dira goizean auto karabana bi, eta Aceros Olarraren sarreran egin dute bat. Hantxe irakurri dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuek aldez aurretik adostutako mezua: patronalak eta enpresek "bahiturik" dute metalgintzako hitzarmena. "Ozen eta argi esaten dugu borrokan segituko dugula Bizkaiko metaleko itun duin bat lortu arte".

Sindikatuek beren "haserrea" adierazi dute, ez dakitelako FVEMen estrategia zein den, baina lortzen ari delako sindikatuak "oso haserre" jartzea. Salatu dute negoziazio mahaiko azken bileran patronalak beste aukera bat galdu zuela "negoziazio prozesu serio bati ekiteko". Sektoreko azken greba izan zela hilabete joan delarik, "patronalak mahaira ekarri du proposamen bat atzera egiten duena gaixo baimenen esparruan eta malgutasunean", esan dute sindikatuek. Salatu dute soldaten "igoera txiki bat" baizik ez duela mahairatu.

Enpresa handiak

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek argi dute "neurri handiko konpainia gutxi batzuek" erabaki ahalmen handia dutela itunaren inguruan. ITP, Aceros Olarra, Sidenor eta Arteche aipatu dituzte; "eta beste hainbat ere badira bahiturik dutenak sektoreko hitzarmena". Horiek horrela, Olarraren, ITPren eta Artecheren irabazien eta dibidenduen berri eman dute. "Konpainia horietan emakumeen kontratazioa %7 eta %15 artekoa da". Sidenorrek 30 enpresa azpikontratatzen dituela ere azaldu dute, eta horrek 400 langile azpikontratatu edukitzea dakarrela. Konpainia horietan %10ekoa da behin-behinekotasun tasa, sindikatuen arabera.

"Horrek guztiak erakusten du prekaritatea sustatzen dutela, patrikak betetzen dituztela eta, aldi berean, beren fabriketako langileei lan baldintza duin batzuk galarazten dizkietela". Horregatik, ohar zuzena egin diete konpainia horiei: ez dute onartuko enpresa horiek ituna blokeatzea. "Zuek hitzarmena blokeatzen baduzue, Bizkaiko metaleko langileok zuen enpresak blokeatuko ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.