Enplegua

"Iruzurra" frogatu arren, legezkotzat jo dute Artiacheko langile baten kaleratzea

LABek emakume langileen egoera salatu du, Orozkoko enpresako kaleratzeen harira: "Eskubide osoko langileak gara. Ez ditugu mehatxuak onartzen; eskubideak exijitzen ditugu"

LABeko kideen agerraldia, gaur; tartean dira Idazkaritza Feministakoak ere. LAB SINDIKATUA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko azaroaren 5a
07:36
Entzun

Bilboko auzitegi batek ebatzi du legezkoa dela Artiach enpresak egindako sei kaleratzeetako bat, emakume langile batena. LAB sindikatuak zazpi kasurengatik salatu zuen Orozkoko (Bizkaia) enpresa, aldi baterako kontratatutako langileen kopuru handiagatik. Horietako batean, epaileek argudiatu dute aldi baterako enpresen bidez ari diren beharginak, gehienezko 180 egunak bete ondoren, lan egoera "pasiboan" geratzen direla, eta, beraz, ez dagokiela kontratu mugagaberik. Alegia, urteetan Artiach enpresarentzat aritu arren, hark ez diela kontratu mugagaberik egin beharrik egoera horretan daudenei.

Frogatutako gertaeren atalean jaso dute epaileek argudio hori. LABen hitzetan, "frogatutako gertaera da langileek lanik egin gabeko denboraldiak egiten dituztela, enpresak lege mugei izkin egiteko eta kontratu mugagabeak saihesteko, nahiz eta egiturazko lanpostuak izan". Hau da, 180 eguneko muga hori berez "iruzurra saihesteko" neurri bat izan arren, benetan "justu arau hori" da beharginak babesik gabe uzten dituena.

Bigarren kaleratzea, berriz, legez kanpokotzat jo dute epaileek. "Egoera berean dauden bi langileek ez dute trataera berbera jaso, eta iruzurra gauzatzeko erabiltzen den forma bera da arrazoia", salatu du LABek.

Manifestazioa, hilaren 14an

Emakumeak dira kaleratutako langileak. Hala ohartarazi dute sindikatuko kideek, tartean Idazkaritza Feministakoak: "Eskubide osoko langileak gara, eta ez dugu onartuko kaleratze mehatxuarekin erantzutea eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean. Ez ditugu mehatxuak onartzen; eskubideak exijitzen ditugu".

Langile klasearen lan eta bizi baldintzen alde "batu eta borrokatu" beharra dagoela adierazi dute, eta mozio baten bidez ari dira elkartasun hori lantzen eskualdeko enpresetan. Hilaren 14an manifestazioa egingo dute: 19:00etan, Laudion (Araba).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.