Enpresak

Euskalteleko kontseilari ordezkariak konpainiaren akzioak erosi ditu

Jose Miguel Garciak 200.000 euroko inbertsioa egin du, "konpromisoa eta konfiantza duelako konpainiaren negozioarekin"

Jose Miguel Garcia Euskalteleko kontseilari ordezkaria. EUSKALTEL
xabier martin
2019ko azaroaren 7a
17:45
Entzun

Zegona Erresuma Batuko funtsak Euskaltel Taldeko kontseilari ordezkaritzan jarritako enpresariak 200.000 euroko balioa duten akzioak erosi dituela jakinarazi dio konpainiak CNMV merkatu arautzaileari. 23.810 titulu (8,40 euro akzioko) hartu ditu berentzat Jose Miguel Garciak, eta Euskaltelek helarazi du horren bitartez negozioarekin duen "konpromisoa eta konfiantza" erakutsi duela. "Lotura pertsonala eta enpresarekiko identifikazioa" ere aipatu ditu Derioko enpresak. Erosketa horren ondorioz, Jose Miguel Garciaren partaidetza osoa sozietatearen kapitalaren % 0,013 da.

Euskaltel taldeak —Euskaltel, R eta Telecable markak biltzen ditu— joan den astean aurkeztu zituen urteko hirugarren hiruhilekoaren emaitzak: epe horretan, hemeretzi milioi euroko irabazi garbia lortu du, aurreko urteko hiruhileko berean baino % 7,4 gehiago.

Zegona funtsak aspaldian azaldu zuen Euskaltelen akzioaren balioak gorago egon beharko lukeela; 8,40 euroan dago orain, eta bi digitu osotik gora eramateko fitxatu zuen Jazztel eta Orange konpainietan aritutako enpresaria. Orain, kontseilari ordezkariaren soldataz aparte Euskaltelen akzioak eman diezaiokeen errentagarritasunean inbertituz, Garciak garbi utzi du zein den bere helburua, eta esan du hura lehenbailehen betetzeko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.