Gobernu itunak

Ezkerreko blokeak alderdi abertzaleen babes handiagoa beharko du

Gobernua osatzea zail izango du PSOEk: Unidas Podemosen eta Mas Paisen botoak lortuta ere, urrun izango du gehiengo osoa. Eskuinera begira ere jar daitezke sozialistak: PPrekin 'koalizio handia' eginez, edo inbestidurarako haren babesa eskatuz.

Pedro Sanchez, gogoeta egunean. ZIPI, EFE
Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 10a
10:32
Entzun

Antzeko elementuak baina ekuazio zailagoak utzi dituzte Espainiako Gorteetarako bozek. Azken hilabeteetan marraztu diren blokeak gehiengotik urrun geratu dira, eta horrek berekin ekarriko du gobernua osatzeko negoziazioak konplexuagoak izatea, alderdi txikien babesa beharko dutelako. Hau da, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako talde abertzaleen botoa erakarri beharko du ezkerreko blokeak, kanpainan hizpide izan duten “gobernu progresista” eratu nahi badute. Jokaleku konplexua da oso, eta, horren ondorioz, koalizio handiaren itzala agertu da: PSOEk PPren babesa izatea, gobernua osatzeko ez bada ere, inbestidura gainditzeko.

Oraingoan ere, pentsatzekoa da PSOEk hartuko duela gobernua osatzeko ekimena, boto gehien jaso duen taldea izanda. Bakarrik gobernatu nahi duela berretsi du Pedro Sanchez hautagai sozialistak kanpainan, eta zenbakiek jarrera horri eusteko aukera emango diote: hiru eserleku galdu ditu.

Edonola ere, jokalekua aldatu egingo zaio PSOEri, azken hilabeteetakoarekin alderatuta. Apirilean bi bazkide nagusi geratu zitzaizkion: Ciudadanos —hauteskunde gauean bertan aukera hori baztertzeko eskatu zioten Sanchezi militante sozialistek, “Riverarekin ez” oihukatuz— eta Unidas Podemos. Oraingoan, Ciudadanos hondoratuta, Unidas Podemos izango du aukera bakarra “gobernu progresista” bat osatu nahi badu. Baina koalizioa ez da hain indartsu joango negoziazioetara, zazpi diputatu galdu eta gero.

Hortaz, ikuspegia zabaldu beharko dute sozialistek alderdi abertzaleetara. PSOEren, Unidas Podemosen eta Mas Paisen diputatuak gehituta ere, gehiengo osotik urrun geratuko lirateke: 158 botorekin, beste hamazortzi beharko lituzkete, inbestidura aurrera ateratzeko behintzat. Euskal eta kataluniar abertzaleek dute indar handiena abagune horretan; gutxienez bi alderdiren babesa beharko lukete: ERC eta JxC (21 diputatu); ERC eta EAJ (hogei diputatu); JxC, EAJ eta EH Bildu (hogei diputatu); edo ERC eta EH Bildu (hamazortzi diputatu).

Sanchezek zabalik utzi du ate hori militanteen aurrean egindako balorazio agerraldian. Adierazi du "gobernu egonkor" bat eratu nahi duela, eta alderdi politiko guztiak deitu ditu egoera politikoa desklokeatzera: "Jardun daitezela eskuzabal, PSOE ere hala arituko baita". "Iglesiasekin bai, Casadorekin ez", erantzun diote militanteek, Unidas Podemoseko eta PPko buruei erreferentzia eginez, eta Sanchezek berretsi du "PSOE lider izango duen gobernu progresista" bat erdietsi nahi duela: "Oraingoan bai, ziur-ziur, gobernu progresista bat lortuko dugu".

“Koalizio handiaren” aukera

Hala ere, eta jokaleku politiko horren konplexutasuna ikusita, koalizio handia deiturikoaren itzalak ere indarra har dezake datozen asteetan. Izan ere, PSOEk eskuinera ere begiratu dezake gobernua osatze aldera: PPren diputatuekin, 207 boto batuko lituzkete (%99,9 zenbatuta), eta aise gainditu gehiengo osoaren 176 botoak. Koalizioa ez eratuta ere, beste aukera bat dute: PSOEk gutxiengoan gobernatzea, eta inbestiduran PPren abstentzioa lortzea; beste 23 diputaturen abstentzioa edo aldeko botoa ere beharko lukete sozialistek, kasu horretan. Ildo hori lantzeko prest dagoela iradoki du Pablo Casado PPko hautagaiak, bozetako emaitzen berri izan osteko agerraldian: "Gure ardura gauzatuko dugu, Espainiak ezin du-eta gehiago blokeatuta jarraitu".

Bestalde, eskuina ere saia daiteke gobernua osatzen, baina zail izango du. Indartuta atera dira eskuineko hiru alderdi handietatik bi: apirilean galdutakoaren heren bat berreskuratu du PPk, eta eserleku kopurua bikoiztu du Voxek. Hala ere, ez dute indar nahikorik izango inbestidura gainditzeko, ezta Ciudadanosekin eta Navarra Sumarekin bat eginda ere: 151 diputaturekin (%99,9 zenbatuta), gehiengo osotik 25 botora geratuko lirateke. Hortaz, eskuinak ere alderdi abertzaleen babesa beharko luke, baina zaila dirudi horrek, Vox tartean egonda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.