Albistea entzun

Komunikazioa

Joao Canavilhas: "Testuingurua emateak bereizten ditu kazetaritza ona eta txarra"

Joao Canavilhas Portugalgo Beira Interior Unibertsitateko irakasleak transmedia kazetaritzari buruzko hitzaldia eman du EHUren Nazioarteko XI. Ziberkazetaritza Kongresuan, Bilbon.

Joao Canavilhas irakaslea
Joao Canavilhas irakaslea Monika del Valle / Foku

Urtzi Urkizu -

2019ko azaroak 12 15:53

Kasu askotan transmedia eduki gisa aurkezten direnak ez dira transmedia. Ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte transmedia kazetaritzako proiektuek, Joao Canavilhas Portugalgo Beira Interior Unibertsitateko irakaslearen iritziz: «Interaktibitatea ustiatu behar da; aukera bat inkestak sartzea izan daiteke. Bestalde, gailu eramangarriekiko erabateko integrazioa behar da
—erabili daitezke geolokalizazioa eta alertak, adibidez—. Eta gaiak testuinguruan jartzea funtsezkoa da. Azken horrek bereizten ditu kazetaritza ona eta txarra». Canavilhasek Bilbon eman du gaur hitzaldia, EHUk antolatutako Nazioarteko XI. Ziberkazetaritza Kongresuan.
Transmedia kazetaritzari lotutako hainbat definizio eman ditu Portugalgo irakasleak. Esate baterako, Kevin Moloney AEBetako irakasle eta ikerlariak transmedia kazetaritzaren ezaugarriak finkatu zituen. Hauek dira: edukiak ahalik eta gehien zabaltzeko lantzea, estrategia baten bitartez; istorioak sarrera eta irteera asko izatea, eta horrek gidoi bat behar du; jarraitua izatea: kiribil baten gisan zabalduz doa; erabiltzaileen iritziak, iruzkinak eta ekarpenak sartzea; irakurlea buru-belarri sartzea albistean; erabiltzailea bizi den mundua hobeto ezagutzeko baliagarria izatea, testuinguruaren bitartez; jendeak bere tokiko errealitatea ezagutzea erraztea; eta akzioa eragitea: kazetaritzak eragin behar du jendea politika publikoetan sartzea.
Canavilhasek aitortu du transmedia kazetaritza egitea ez dela erraza. «Jendea behar da, eta denbora». Adibide ontzat jo du Erresuma Batuko The Guardian egunkariak populismoen inguruan egindako lana. «Erresuma Batuko eta AEBetako kasuekin hasi ziren, baina, gero, beste herrialde batzuetako egoerak bildu dituzte». Erresuma Batutik kanpoko herrialdeen fenomeno «populistak» plazaratzeko orduan, zenbait kasutan herritarren ekarpenak erabili dituzte. Irakasleak ez du uste kazetaritza herritarrek idatzi behar dutenik. «Baina taldean egiten den lana da kazetariarena».
Portugalen, une honetan, bestalde, bi joera daude: batetik, etikaren inguruko kezka —«egiaren inguruko kezka, albiste faltsuak eta abar»—, eta, bestetik, irakurleen parte hartzeari lekua ematea. Canavilhasek azaldu duenez, Europako zenbait herrialdetan albiste faltsuen aurkako neurriak hartzen ari dira. «Alemanian, albiste faltsuen kontrako lege oso zorrotz bat onartu dute». Baina bestelako neurriak ere behar dira: hezkuntzan, adibidez. «Portugalen eztabaidatzen ari dira alfabetatze mediatikoa bigarren hezkuntzan sartzea ala ez». Irakasleak gogoratu du azkeneko urteetan Portugalgo ikastetxeetan haurrak egunkariak egiten jartzen dituztela. «Horri esker, berehala ikasten dute zer diren albisteak».
Ramon Salaberria Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko irakasleak, bide beretik, hezkuntzan alfabetatze mediatikoak izan dezakeen garrantzia nabarmendu du. «Hedabideak irakurtzen erakutsi behar da. 8, 9 eta 10 urtekoei hedabideak zer diren azaldu behar zaie. Arlo teknologikoaren ajeak ere bai: noiz manipulatu den argazki bat, adibidez».

Lagun bakar batek sortutako hedabideak

Bai Canavilhasek eta bai Salaberriak kongresura joandako ikasleak animatu dituzte gogoko dituzten gaiak lantzera. Nabarmendu dute gai zehatzei edo auzo jakin batzuei buruzko informazioa lantzen duten hedabide digital askok bidea egin dutela. Salaberriak 21iguales.com hedabide digitala jarri du adibidetzat. «Arnedoko [Errioxa, Espainia] kazetari bakar batek euskal pilotari buruzko informazioa ematen du bere etxetik, kalitate onean. Euskal Herrian jarraitzaile asko ditu». Hedabide natibo digitalen beste muturrean El Confidencial legoke: 140 langile ditu orotara.
Salaberriaren iritziz, hedabide natibo digitalak aitortza irabazten ari dira. «Sare sozialetan gero eta jarraitzaile gehiago dituzte. Hego Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan, finantzaketa publiko partziala edo osoa duten hedabide digital asko sortu dira azkeneko urteetan». Alderdi politikoetatik edo ideologia jakin batzuetatik sustatutako atariek, aldiz, hedabide natibo digitalei prestigio txarra ematen dietela iruditzen zaio irakasleari. «Interes batzuei erantzuten diete. Niretzat, hori ez da kazetaritza».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Lazkano pregoilaria eta Iratxe Palacios txupinera. ©BERRIA

Itziar Lazkano eta Iratxe Palacios izango dira Bilboko jaietako pregoilaria eta txupinera

Berria

Lazkano pregoilaria aktore eta zuzendari ezaguna da; Palacios txupinera, Tintigorri konpartsako kidea. Abuztuaren 20an Arriaga antzokiko balkoian izango dira biak, abuztuaren 28ra arte iraungo duten Bilboko jaiei hasiera emateko.

Migel Joakin Eleizegiren hezurren arrastoak itzultzeko ekitaldia, atzo. ©

Berriz ere Altzoazpiko hilerrian dira Altzoko Handiaren hezurren arrastoak

Nagore Arin

Bi urtez Aranzadiko instalazioetan egon ondoren, berriz ere Altzoazpiko hilerrira itzuli dituzte Migel Joakin Eleizegi Arteagaren hezurren arrastoak.

Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Eneko Orozek 'Zer ikusi euskaraz' egitasmoa jarri du martxan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...