Enpresak

ITPk planta bat zabaldu du Derion

Espainiako armadaren hegazkinen motorren hornitzaile nagusia da, eta horien zaintza lanaz arduratzen da. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Josep Pique ITPko presidentea izan dira ekitaldian.

Josep Pique ITPko presidentea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria,enpresako langile batzuekin hizketan. JON BERNARDEZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 13a
16:07
Entzun

ITP Aero enpresak 30 urte egin ditu, eta planta bat zabaldu du Bizkaiko Parke Teknologikoan, Derion. Jakinarazi dutenez, 14 milioi euroko kostua izango du azpiegitura berri horrek, eta hirurogei lanpostu sortuko dituzte. Guztira, 160 behargin arituko dira, enpresak hara eramango baititu Ugaldegurengo industrialdean (Zamudio, Bizkaia) duen plantako langileak.

Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Josep Pique ITPko presidentea —Espainiako Gobernuko ministro izandakoa, Jose Maria Aznarrekin (PP)— eta Carlos Alzola zuzendari nagusia.

Hegazkin motorrak eta horientzako osagaiak produzitzen ditu. Alor horretan, “munduko bederatzigarren enpresa” da, ITPk ohar batean azaldu duenez. Iaz, 880 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta 69 milioi euroren irabaziak izan zituen.

Gerra hegazkinak

Enpresaren salmenten %67k aeronautika zibilarekin daukate lotura, eta %18k, militarrarekin. Irabazien gainerako %15ak, mantentze lanekin eta laguntza teknikoarekin. Espainiako armadaren hegazkinen motorren hornitzaile nagusia da, eta horien zaintza lanaz arduratzen da.

1989. urtean sortu zuten ITP Aero, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren, eta Euskal Herriko Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, besteak beste. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. Hasierako akziodunen artean, Erresuma Batuko Rolls-Royce multinazionala geratzen da soilik.

Azkenengo urteetan, Mexikoko Queretaro hirian duen planta handitu du, eta Derioko lantegi berria sortu. Azkenengo horretan, motorretarako osagai batzuk produzituko ditu, eta, bereziki, motorren arkitekturarekin lotutako ingeniaritza lanak garatuko. Horretarako, teknologia propio bat garatu du: propultsio hibrido-elektrikoa duten hegazkinen motorrek izango dute lehentasuna, Carlos Alzola ITPko zuzendari nagusiak azaldu duenez . «Datozen urteetan, abiazio eraginkor eta iraunkor baten alde lan egingo dugu».

Trantsizio energetikoa

Inaugurazio ekitaldian, Urkullu lehendakariak azpimarratu du aeronautikaren industria aldaketa garai batean dagoela, «trantsizio teknologikoak, energetikoak eta ingurumenekoak» baldintzatua. Aldaketa horiei aurre egiteko deia egin die alor horretako enpresei, «motor eraginkorragoen eta garbiagoen, arinagoen eta isilagoen alde apustu egiteko».

Lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak 2020. urterako aurreikusia duela 253 milioi euroko inbertsioa egitea 4.0 industriarako, enpresa txikietan eta ertainetan, eta 22 milioikoa Parke Teknologikoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.