Ibarretxeren formula

Ekonomia globalean kulturak balio erantsi gisa funtzionatzen duela azaldu du lehendakari ohiak: "Lokaletik erantzun behar da". Gastu sozialaren defentsa irmoa egin du: "Zergetan definitzen da herri baten helburua".

Ibarretxe lehendakari ohia, ekonomiaz hizketan, Meditarraneo itsasoan bizia galdu zuen haurraren argazki ezaguna atzean duela. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 14a
10:26
Entzun

Herrialde bat, zenbaki bat. Izan BPGarena, inflazioarena ala gastu sozialarena. Ekonomialariek gustuko dituzte halakoak, rankingak egiteko, herrialdeak definitzeko. Eta zifren atzean, formulak, eta horren itxura duten adierazpideak: I+G+B, adibidez. Horrek ere erakusten du herri bat nolakoa den. Baina batuketa hori "hobea" litzateke beste aldagai bat gehituz gero: "Kulturaren k". Horixe defendatu du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Ekonomialari Euskaldunen I. Biltzarrean: "Gizarte global batean kokatzeko bide bakarra dago: erantzun lokala: I+G+B+K".

UEU Udako Euskal Unibertsitateak berreskuratu du 1980ko hamarkadan saiatutako egitasmo hori, "ekonomista euskaldunen komunitatea biltzearena, eragiteko", UEUko zuzendari Kepa Sarasolaren hitzetan. Orduan posible izan ez zena biziberritu dute, Donostian: ekonomia patriarkala, ekonomia zirkularra, robotizazioa eta beste hainbat gai jorratu dituzte, egun osoan.

Ibarretxe "doktoreari" egokitu zaio sarrera egitea. Aurretik, Oskar Arantzabal Martin Azpilkueta XVI. mendeko ekonomialari nafarrari buruz mintzatu da. Hari egozten zaio "Erresuma ez da erregearena: herriak du agintea" esaldia. Haren eta Ibarretxeren ideien arteko loturak gorabehera, funtsean 2010ean aurkeztu zuen tesian oinarritu du bere hitzaldia lehendakari ohiak. Ibarretxeren arabera, egungo egoera ekonomikoaren ezaugarri nagusiak dira "justizia eza" eta "ustekabeak". Eta horren oinarrian dagoena da, haren ustez, "diagnostikorik eza".

"Hori gabe, zertarako errezetak?". Erantzun bila, Ibarretxek askotariko erakundeen zifrak eta intelektual eta gizarte eragileen aipuak tartekatu ditu. "Desberdintasun sozialak giza eskubideen urraketa bat dira: ekonomia honek hil egiten du". Frantzisko aita santuarena, esate baterako. "Esaldi hori oso berritzailea da", azpimarratu du. Horren aurrean zer?: "Beste mundu bat posible da?", galdetu du Ibarretxek. Eta hori erantzuten saiatu da "lagun min" zuen Jose Saramago idazleak behin esandakoak gogoan: "Kontzientzia da gakoa, eta hezkuntza: jakintzatik ulermenera egin behar da jauzia".

Horretarako nork beretik egin behar duela azpimarratu du Ibarretxek, "mundua Euskal Herriko leihotik ikusi" behar dela. Alegia, formula berak ez duela berdin funtzionatzen leku guztietan, kulturaren aldagaia aplikatu behar dela. Eta beste aipu bat, Manuel Castells globalizazioaren soziologoarena: "Ekonomia guztiak dira kultura".

Mundu globalizatuan nola

Gastu sozialaren defentsa irmoa egin du lehendakari ohiak bere hitzaldian. "Zergetan definitzen da herri baten helburua". Eta nabarmendu du ez dagoela ados lehiakortasuna eta ongizatea kontzeptu antagoniko gisa aurkezten dituztenekin. "Zenbakiek erakusten digute gastu sozialean gehien inbertitzen duten herrialdeak direla ekonomia hobea eta sanoagoa dutenak, eta erreskatatuak izateko behar gutxiago dutenak".

Datuak erakutsi ditu, halaber, giza garapenean eta berrikuntzaren alorrean hoberen dauden hamar herrialdeetatik gehienak "txikiak" direla azpimarratzeko —Suitza, Irlanda, Norvegia, Suedia...—, eta Joseph Stiglitz ekonomistaren hitzekin jantzi du hori. "Globalizazioari etekin handiena atera diotenak dira beren etorkizunaz jabe egin direnak". Eta zenbakiak, berriro, erakusteko geroz eta estatu gehiago daudela Europan eta munduan, eta hirutik bi azken 70 urteetan sortuak direla. "Gure esku dago horretan jokatu nahi dugun ala ez".

Biltzarrean parte hartu dutenetako batzuk / Gorka Rubio (Foku)

Ibarretxek azpimarratu du herrialde txikietako gizarteak, oro har, homogeneoagoak direla, konpromiso handiagoa dutela berdintasunarekin, eta malguagoak direla, errazago egokitzen direla aldaketetara, berritzaileagoak direla. "Baina garrantzitsuena ez da tamaina, barruan dagoena baizik: kultura". Haren ustez, hori da globalizazioak izan duen paradigma aldaketarik nabarmenenetakoa: "Norekin dauden hautatzetik, hautatuak izatera pasatu dira herrialdeak. Eta horretan ere kultura da gakoa".

Lehendakari ohiaren arabera, globalizazioaren atzean dagoen ideologiak identitate nazionalak deuseztatzea du helburu. "Gure kultura alde batera uzten badugu, ez badugu munduko plazan kokatzen, ekonomikoki eta sozialki besteen gregarioak izango gara". Hori lortzeko Euskal Herriak "herria eta instituzioak" dituela nabarmendu du. Baina ohartarazi du Hego Euskal Herriko autogobernu ekonomikoak —kontzertu eta itun ekonomikoak— ez duela indarrik burujabetza politikorik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.