Fiskalitatea

Nafarroako Gobernuak kenkaria aplikatu nahi die 2015etik 2018rako amatasun laguntzei

Hainbat zerga neurri aldatzeko lege proiektua onartu berri du gobernu kontseiluan: errenta zergan tarifaren deflaktazioa aplikatuko dute amatasun baimenen atzerako eragina ezarri; ondare zergan, enpresa ondasunen gaineko zerga kenduko dute

Javier Remirez kontseilaria eta Maria Txibite presidentea, gobernuaren bilera batean. JESUS DIGES, EFE
2019ko azaroaren 15a
15:49
Entzun

Aurretik iragarria zutena jada ofizial egin du Nafarroako Gobernuak. Ezohiko gobernu kontseiluan, hainbat zerga neurri aldatzeko lege proiektua onartu du. Lege proiektu hori parlamentuan aurkeztuko dute, eta, aurrekontuekin batera egiten den tramitazioan, hilabete inguru iraun dezake eztabaidak.

Proposamen nagusietako bat amatasun laguntzen kenkariaren ingurukoa da. Nafarroako Auzitegi Nagusiak urrian ebatzi zuen Nafarroak ez duela zertan bete Auzitegi Gorenaren iazko epaia, Espainiako legediak ez diolako eragiten. Epai horren berri izanda, Maria Txibiteren gobernuak beste bide bat hartzea erabaki du: atxikipenak kendu ordez, kenkariak ezartzea onartu du, eta atzerako eragina saihesteko formula bat aurreikusi. Lege proiektuak, artikulu bakar baten bidez, kenkari berri bat ezartzea proposatzen du, baina soilik 2015etik 2018ra amatasun eta aitatasun laguntza jaso zutenei ezarriko zaie.

Kenkari hori errenta zergaren kuotan ezarriko da. Horrek esan nahi du osorik itzuliko dela baldin eta kuota diferentzial hutsaren hurrena edo negatiboa bada. Berez, 30.000 eurotik beherako errentek %25eko kenkaria aplikatzearen baliokidea litzateke. Hortik gorako errentei, ehunekoa jaisten joango zaie, eta 105.000 eurotik gorako errentei ez zaie aplikatuko —hain zuzen ere, 2019tik geroztik, kenkari horiek aplikatzen dira—.

Gainera, errenta zergan, tarifaren deflaktazioa aplikatu nahi dute. "Horrekin eragotzi egin nahi dugu, erosahamena handitu gabe, inflazioa igo delako, errenta handitu zaienei zerga igotzea", azaldu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak. Era berean, gobernuak ezarritako baldintzak betetzen dituzten zaharberritze obrak zergarik ez dute ordainduko: errenta mugarik ez da izango, eta, hala, norbanakoei zein bizilagun komunitateei eragingo die.

Ibilgailu elektrikoei kenkaria

Ibilgailu elektrikoen edo entxufatu daitezkeen hibridoen kasuan, inbertsio kenkariak ibilgailu bakoitzeko ezarriko dira. Bizikleta elektrikoen kasuan, muga bat ezarriko dute: gehienez lau ibilgailuri ezarriko zaie kenkaria. Ogasunak nabaritu du neurri hori "negozioa egiteko" baliatu dutela zenbaitek.

Sozietate zergan, babes jarduerei lotutako publizitate gastuak arautuko dituzte. Adibidez, apustu etxe edo joko enpresen iragarki kontratuetan, ezingo da kenkaria ezarri. "Helburua da jokoa eta apustuak sustatzen dituzten iragarkiok ez bultzatzea".

Enpresa ondasunak, zergarik gabe

Era berean, ondare zergan, enpresa ondasunak zerga ordaintzetik libre egongo dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoerarekin eta estatuko erregimen komuneko egoerarekin parekatu nahi izan dutela nabarmendu du Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak. "Orain arte, kenkari partzial bat ezarrita zegoen enpresa ondasunen, eskubideen eta parte hartzeen gainean, eta, orain, kendu egingo da", dio gobernuak. 

Irailaren amaieran aurreratu zuen neurri hori Elma Saiz berak. CEN enpresaburuen elkarteak hauteskunde kanpainan egindako eskaeretako bat da, eta Saizek elkarrizketatan nabarmendu du zerga horri eusteak Nafarroa beste lurraldeekin alderatuta "desabantailan" uzten duela. Iragan legealdi hasieran, laukoaren zerga erreforman ezarri zen, baina urtetik urtera apaltzen joan da. Egun, milioi batetik gorako ondasunetan %95eko kenkaria ezartzen da, eta soilik %5 ordaintzen. Orain, gobernuak hori ere kentzea proposatu du. Bospasei milioi euro gutxiago biltzeari utziko dio Ogasunak.

Neurriok hiru lege proiektutan bereizi ditu gobernuak. Alde batetik, amatasun eta aitatasun laguntzen kenkariena; bestetik, errenta zergan eta sozietate zergan ezarritako aldaketak —tartean deflaktazioa—, eta, azkenik, enpresen ondasunen ingurukoa. Hiru lege proiektu bidez eginda, parlamentuko tramitazioan eztabaida eta onartzea erraztea bila dezake. Izan ere, enpresa ondasunen kasuan, Navarra Sumak iragarri du aldeko botoa emango duela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.