Musika

'Kafe Antzokian' zuzeneko diskoa plazaratu du Ruper Ordorikak

Hamalau kantu bildu ditu lan berrian, iazko abenduan emandako bi kontzertutan grabatutakoak. Hirugarren zuzeneko albuma du.

Ainhoa Sarasola.
2019ko azaroaren 15a
19:08
Entzun

Bilboko Kafe Antzokiak 1995ean zabaldu zituen ateak, eta, ordutik, 30 alditan baino gehiagotan aritu da bertan zuzenean Ruper Ordorika. Kontzertu horietako batzuk grabatu, hainbat kantu aukeratu, eta bi disko argitara emanak zituen orain arte: Gaur (Esan Ozenki, 2000) eta Hamar t'erdietan (2008, Elkar). Aurreko lan horien «esperientziak» lagunduta, hirugarren zuzeneko albuma aurkeztu du orain: Kafe Antzokian. «Hau gauza bitxia da bere horretan, baina esaten ohi dugun bezala, hor etxean aritzen gara; urtero-urtero jotzen dugu, eta pribilejio bat da», adierazi du musikariak. Iazko abenduaren 15ean eta 16an antzoki horretan emandako kontzertuetako kantuak bildu ditu lan berrian, hamalau denera, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu du diskoa.

Lau hamarkada daramatza Ordorikak oholtza gainean, azken urteotan Hasier Oleaga (bateria), Fernando Lutxo Neira (baxua) eta Arkaitz Miner (gitarra, biolina, mandolina...) musikariekin «berezko nortasuna» duen taldea osatuta. «Hamaika urtez aritu gara laukotean, eta disko honek hori biltzen du; uste dut ederki islatzen duela talde honen joera». Aurreko zuzeneko lanen esperientzia ere islatzen edo biltzen du disko berriak, Ordorikaren ustez. «Zuzeneko diskoek asko lagundu naute. Iruditzen zait bakoitzak bere oinarria jarri duela jendaurrean aitzinatzeko».

Joan den urtean hasi ziren taldekideak diskoa prestatzeko entseguetan, «tarteka bazterrean gelditzen diren kantu horiek bisitatzen berriro», zuzenean nola eman eta grabatu pentsatzen. Kontzertuen aurretik, David Soler musikari katalana gonbidatu, eta astebetez jardun zuten lanean harekin, Errenteriako Niessen aretoan (Gipuzkoa) —hura ere zuzenekoetan aritu zen —. Bi kontzertuetan diskoan sartzeko moduko 24 kantu grabatu zituztela azaldu du musikariak, eta taldekide guztien artean egin zutela hamalau kantuen aukeraketa, aurreko zuzenekoetan argitaratu gabekoak. «Abantaila hori da, disko hauek pasatzen dutela bahetik, destilatzen dutela urteetako jarduna».

Urteotan estudioan grabatutako diskoetako kantuak jaso ditu lan berrian. Tartean dira, besteak beste, Ahots urrunak (Guria Ostatuan, 2016, Elkar), Bizitza eder denean (Lurrean etzanda, 2014, Elkar), Nirekin geratu (Hodeien azpian, 2011, Elkar) nahiz Hargiñenean (Hurrengo goizean, 2001, Metak). Hamalau, guztira. «Bada kantu zaharren bat, Zazpi nobio bezalakoa [Hiru Truku taldearekin berreskuratua]; bada antzinako kantu bat, Ez da posible bezala; eta badira Ahots urrunak bezalakoak ere, duela hiru urte bakarrik estudioan grabatutakoak. Eta arrazoi bategatik edo besteagatik, talde honekin beste bide bat hartu duten kantuak ere badira, zenbaitetan bide guztiz bestelakoa, Belauniko bezalako bertsio oso eraldatuak. Beste batzuetan, tempoak edo tonuak, ez dakit, kantuak bere bidea hartzen du, eta musikarien jiteaz kutsatzen da, zorionez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.