Euskal Produktua

Euskal larreetako tradizioa

Leaburuko Mahala baserriak esnekiak eta txerrikiak lantzen ditu.

Mahala baserriaren inguruko larre zabaletan elikatzen dira behiak.
Mahala baserriaren inguruko larre zabaletan elikatzen dira behiak. MAHALA

Azken urteetan mediku eta nutrizionisten ahotan dabil gosaritarako produktuak aukeratzea. Zerealak eta esnea hartzea hobetsi dute beti gurean, esnekien kalitatea kontuan hartuta eta osasunari zer onura dakarzkion ikusita. Mahala euskal enpresak esnekiekin egiten du lan, bai eta txerrikiekin ere. Gipuzkoan, Tolosaldeko Leaburun dago Mahala baserria. Larre zabalak ditu baserriak inguruan, eta haietantxe hazten dituzte behiak eta txerriak. Enpresak erabat kontrolpean du lehengaiak lortzetik herrietako saltokietarainoko edota supermerkatuetarainoko bidea, eta horrela lortzen dute kalitate bikainaren bermea.

Behiengandik lortutako esnearekin, denetariko produktuak ekoizten ditu Mahalak: jogurtak, gaztak eta izozkiak. Esnekien ekoizpenetik sobran geratzen den gazurarekin, berriz, baserriko ganadua elikatzen dute. Baserriko landan aske hazten dira abereak, eta modu osasuntsuan elikatzen dituzte, bezeroei produkturik onenak eskaintzeko asmoz. Glutenik gabeko produktuak dira guztiak. Lehengaien artean, ez dute erabiltzen produktu transgenikorik; modu natural eta tradizionalean egiten dute lan. Bezeroarengana iristen den azken produktua ere %100 naturala da, kontserbagarri eta gehigarri artifizialik gabea. Ontziak birziklagarriak dira.

Mahala baserriko esne freskoarekin egiten dira jogurtak, gaztak, izozkiak eta postreak. Behia jetzi berritan hartzen dute esnea, eta ekoizpen prozesua jartzen dute martxan. Artisau lan erabatekoa egiten dute, benetako zaporea mantentzeko. Azidotasun txikiko produktuak ekoizten dituzte, hartzidura prozesua une jakin batean egiten baitute, jogurtak eta gaztak garratzak ez izateko. Izozkiak ere eguneko esnearekin lantzen dituzte; askotariko zaporeak eskaintzen dituzte, terrinan edo kukurutxoan: gazta, jogurta, banilla, marrubia, txokolatea, hurra, kafea eta limoia. Zaporea eta koloreak gai puruekin lortzen dituzte, inolako lurrin edo koloragarririk erabili gabe. Txerrikien kasuan, pieza onduak, xerratuak eta hestebeteak lantzen dituzte.

Mahala baserrian egiten dute ekoizpen prozesu osoa. Esnea behitegitik ekoizpen instalazioetara eramaten dute, eta han egiten du pasteurizatze prozesua. Hantxe lantzen dituzte esnekiak. Txerriki gehien-gehienak ere baserrian lantzen dituzte. Besoak eta hankak Nafarroara eramaten dituzte, ontze prozesua han egin dezaten. Pieza nobleak, berriz, lehenengo gatzatu eta ondoren pipertu egiten dituzte. Gainontzeko haragiarekin hestebeteak egiten dituzte. Produktu faltan direnean, inguruko baserritar eta saltzaileengana jotzen dute. Gisa horretan, saltzen dituzten produktuen %100 tokikoa bertakoa izatea bermatzen dute.

Kirol eta kultur ekarpenak

Euskal Herrian sustraitutako enpresa da Mahala, eta belaunaldi askotan baserriko tradizioan lanean aritu da. Tokikoan bertakoan sinesten dutelako, euskal kultura sustatzea da enpresaren helburuetako bat. Esparru ugaritako egitasmo eta taldeei laguntza eta babesa eskaintzen die: euskara, hezkuntza kirola… Hainbat kirol talderen babeslea da Mahala. Kilometroak eta Korrika egitasmoetan parte hartzen dute urtero, bai eta bestelako kultur ekintzetan ere.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.mahala.eus.

Mahala

Mahalak babestutako edukia

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna