Musika

German Ormazabal izango da EGOren zuzendari nagusi berria

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusi izan zen 1996tik 2005era. Urtarrilean hasiko da Euskal Herriko Gazte Orkestrako zereginean.

German Ormazabal. EGO
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 26a
19:05
Entzun

German Ormazabal musikari eta enpresa kudeatzailea izango da Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren (EGO) zuzendari nagusia. Ormazabalek urtarrilean ekingo dio zeregin berriari, baina Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaur eman du horren berri, behin zuzendari nagusia izendatzeko hautaketa prozesua amaituta. Zuzendari berria Fundazioaren Patronatuaren menpe egongo da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko eta Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariek osatzen duten patronatuaren menpe.

Eusko Jaurlaritzak joan den udan hasi zuen EGOrentzat zuzendari nagusi bat izendatzeko hautaketa prozesua. Orain arte talde kudeatzaile baten bidez zuzendu da orkestra, eta erabaki honen bitartez bultzada berri bat eman nahi diote proiektuari.   Euskal Herriko Gazte Orkestraren xedeen artean musikari gazteen prestakuntza babestea, musikaren balioak sustatzea eta ikastaroak zein kongresuak antolatzea daude.

German Ormazabalek Tolosan (Gipuzkoa), bere jaioterrian, hasi zituen musika ikasketak, eta piano eta akordeoi goi mailako ikasketak burutu zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Era berean, Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta enpresa kudeaketan prestakuntza zabala jaso du. Hamar urtez (1996-2005) Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zen.

Ondoren, enpresa kudeaketari lotuta egon da azken hamalau urteetan, hasieran Ikusiko zuzendari nagusi gisa eta, gero, Velatia familia-taldeko Giza Kapitalaren eta Presidentetza Kabinetearen zuzendari nagusi gisa. Pianista gisa, bakarkako errezitaldiak eskaini ditu eta bere kolaborazioen artean daude, besteak beste, Ainhoa Arteta, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Xabier Zabala, Andoni Egaña eta Xabier Lizasorekin egindakoak.

Egun, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin proiektu iraunkor bat du esku artean, eta baita Juan Laboreria baritono eta Maria Martin soprano gazteekin ere. Bestalde, Xabier Lizaso pianistarekin eta Andoni Egaña bertsolariarekin proiektu artistikoa du, eta laster, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin zenbait errezital emango ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.