Metalgintza

Akordiorako oinarri bat dago Bizkaiko metalgintzan, eta greba ez da egingo

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek FVEMen proposamena onartu dute, eta bertan behera utzi greba deialdia; ELAk denbora eskatu du. Jaurlaritzaren ustez, patronalak eta sindikatuek «egin beharrekoa egin dute».

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen agerraldia metalgintzaren grebaren berri emateko, joan den hilean. M.DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2019ko azaroaren 27a
11:36
Entzun

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek sakonago aztertu behar dute FMEV patronalak sindikatuei aurkeztutako azken proposamena, baina proposatuta dagoena nahikoa da —xehetasunez jorratu arte behintzat— sektoreko 50.000 beharginei egindako greba deialdiak bertan behera uzteko.

Atzo iluntzean iritsi zen albistea, egun osoko bilera luzearen ostean: LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordiorako oinarri bat adostu dute Bizkaiko metalgintzako FMEV patronalarekin, eta ez dira egingo bihar, etzi eta abenduan egitekoak ziren zortzi greba egunak, baldin eta behin-behinean adostutakoa egonkortu eta itun ofizial bihurtzen bada datozen egunetan. ELAk ez du bat egin akordio horrekin, eta denbora eskatu du patronalaren proposamena aztertzeko; gero iragarriko du zer jarrera duen, eta, haren arabera, mobilizazioekin jarraitzen duen ala ez.

«Azken hilabeteetan, patronalak bere jarrera immobilista aldatu behar izan du», esan zuen ELAk ohar baten bidez, akordioaren inguruko balorazioa egitean. «CCOOk, LABek eta UGTk, hitzarmena aurrez adostu, eta aste honetako greba deialdiak bertan behera uztea erabaki dute», azaldu zuen sindikatuak, eta, horrekin batera, denbora eskatu. «Proposamenaren lehen azterketa bat egin ondoren, uste dugu gai batzuk hobetu egin behar direla. Kezkaz ikusten dugu, gainera, atzerapausoren bat gertatuko ote den». Horregatik, ELAk «beharrezkotzat» jotzen du patronalaren agiriak aztertzea «hurrengo urratsak erabakitzeko».

LAB: «Historikoa da»

Halako zuhurtziarik ez da ageri LAB sindikatuaren balorazioan; aitzitik, sindikatu abertzalearentzat «historikoa» da lortutako akordioa. «Gehiengoaren babesarekin, aurreakordio historiko bat sinatu dugu. Historikoa, orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugulako». Eta zer eduki dira horiek? Bada, besteak beste, lehen lerroan jarri duten erreibindikazio bat: subrogazioa. «Mantentze lanak egiten dituzten langileentzat subrogazioa lortu dugu. Euskal Herriko industrian lehen hitzarmena da subrogazioa jasotzen duena». Sindikatu abertzaleak dio estatalizazioa gainditu duen akordio bat ere badela. «Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe, eta langile berriak dualtasuna pairatzen zuten: lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik. Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Prekaritatea hedatzeko bi egoera horiek sektoretik desegitea lortu dugu».

Soldata igoerak ere jasotzen ditu akordioak: 2019rako, KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPI gehi 1,5. Halaber, emakumeen bazterketari aurre egiteko neurriak adostu dituzte alde guztiek. «Berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoa dago, enpresetan berdintasun planak egiteko eta kontratazioa langilearen sexua kontuan izan gabe egiteko».

Aurten, langileek hamar greba egun egin dituzte sektoreko itun baten alde Bizkaiko metalgintzan, eta beste zortzi egun egiteko prest zeuden, bihar eta etzitik hasita, harik eta patronalak sindikatuen aldarrikapen batzuk onartu dituen arte. «Borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko metalgintzan, lan munduan eta jendartean», esan zuen LABek bere oharrean.

Honako hauek dira hitzarmenerako aurreakordioak jasotako puntuak:

-Subrogazioa mantenua egiten duten langileentzat.

-Berdintasun batzorde bat sortzeko, berdintasun planak egiteko eta kontratazioan generoa ez kontuan izateko konpromisoa.

-Dualitatearen eta estatalizazioaren aurkako neurriak.

-Behin-behinekotasunari mugak ezartzea.

-Kontratazio zuzena bultzatzea, aldi baterako laneko enpresen bidez eginiko kontratuak murrizteko.

-Lan osasun galera murrizteko neurriak.

-Soldatei dagokienez, 2019rako KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5.

Arantxa Tapia, pozik

«Akordio bat beti da poztekoa», esan du metalgintzakoari buruz Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak, «are gehiago hura lortzeko hilabeteak behar izan direnean eta oso gatazkatsua izan den greba bat izan denean». Patronalak eta sindikatuek «egin beharrekoa egin» dutela iritzi dio, eta sailburuak espero du orain akordiorako oinarri hori «berretsia izatea».

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia ere pozik agertu da herrialdeko metalgintzarako akordioaren oinarriarekin, gaur goizean Biltzar Nagusietan egindako agerraldian. ELA zuzenean aipatu gabe, Rementeriak nabarmendu du sindikatu bat «kanpoan» gelditu dela, eta hari dei zuzena egin dio: «Espero dut gogoeta egingo duela, eta akordiora gehituko dela, horrela langileen baldintzak hobetzen direlako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.