Klima larrialdia

Eusko Legebiltzarrak uko egin dio klima aldaketarako udalentzako funtsa lehenbailehen osatzeari

EH Bilduk nahi zuen datozen aurrekontuetan jasotzea klima larrialdiari aurre egiteko Jasangarritasun Energetikoaren Legean tokiko administrazioentzat aurreikusitako funtsa, baina Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du eskaria, EAJren eta PSE-EEren aurkako bozekin, eta Elkarrekin Podemosen eta PPren abstentzioarekin.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea, gaur Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / FOKU
Irune Lasa.
2019ko azaroaren 28a
16:49
Entzun

«Ni engainatu nauzue, gu engainatu gaituzue; ikusi da, errazak ginen engainatzen. Baina uste dut ez zaretela konturatzen, gu engainatzearekin batera, guztiok goazela pikutara klima larrialdiari behar bezala aurre egiten ez badiogu». Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea otsailean onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legeaz ari zen gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Azaldu du nola lege horretan funts bat aurreikusten den —100 milioi euro gutxienez— tokiko administrazioei laguntzeko klima larrialdi aurre egiteko neurriak hartzerakoan. Baina funts horren aipamenik ez da agertzen Jaurlaritzak 2020rako aurkeztutako aurrekontu proposamenean, zeina orain negoziatzen ari diren.

Horregatik, EH Bilduk mozioa aurkeztu du legebiltzarrak Jaurlaritza behar dezan 100 milioi horiek aurrekontuetan sartzera. Baina legebiltzarrak baztertu egin du eskaria, EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin, eta Elkarrekin Podemosen eta PPren abstentzioarekin. EH Bilduko Oterok bereziki gaitzetsi du Elkarrekin Podemosen ezezko botoa, Jaurlaritzarekin aurrekontuak negoziatzen dabilelako «irentsi behar dituenak» aipatuta.

Elkarrekin Podemosek berak ere aurkeztu du zuzenketa bat funtsa aurrekontuetan sartzeko, kopururik eta eperik zehaztu gabe. Mozio hori ere baztertu egin du Eusko Legebiltzarrak. Jose Ramon Becerraren ustez, «ez da erraza» funts hori sortzea, eta «beharbada urte bereizietan osa daiteke».

Beste bozketa bat ere izan da gaiaren inguruan, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa, zeinean Jaurlaritzari eskatzen zitzaion udalentzako finantza tresna hori osatzeko: hori bai, aurrekontuak aipatu gabe. Proposamenak aldeko eta kontrako boto kopuru bera jaso du, eta, ondorioz, zuzenketa atzera berriz bozkatuko da hurrengo osoko bilkuran.

EAJko Unai Grajales legebiltzarkidearen arabera, «udalek jasoko dute dagokiena», legeak hala aurreikusten duelako, baina ez dago zertan funtsa aurrekontuetan jaso. PSE-EEko Natalia Rojok azaldu du Jaurlaritza hasia dela lanean finantza tresna hori prestatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.