MIgratzaileak

'Alan Kurdi' eta 'Ocean Viking' ontziek 144 migratzaile erreskatatu dituzte Mediterraneoan

Hiru haur jaioberri daude erreskatatu dituztenen artean, haietako bat oso ahul. Urtea hasi zenetik 90.000 pertsonatik gora erreskatatu dituzte.

Mugarik Gabeko Medikak erakundeak erreskatatutako 60 migratzaileak. MSF
arantxa elizegi egilegor
2019ko azaroaren 29a
10:53
Entzun

Urtea hasi zenetik eta azaroaren 13ra arte 91.568 migratzaile heldu dira Europara, eta beste 1.091 itsasoan itota hil dira. Kopuru horiek gorantz jarraitzen dute, ordea. Gaur goizaldean, esaterako, Alemaniako gobernuz kanpoko Sea Eye erakundearen Alan Kurdi ontziak eta Mugarik Gabeko Medikuen Ocean Viking-ek 144 migratzaile erreskatatu dituzte.

Mugarik Gabeko Medikuek eman dute ontziak egin duen erreskatearen berri. Egurrezko ontzi batean zihoazen hirurogei migratzaileak, eta Libiatik 60 milia ingurura aurkitu dituzte, noraezean. Ontzian zihoazenen artean zeuden hiru hilabeteko haur bat eta haren hiru urteko anaia.

Alemaniako Alan Kurdi-k atzeman ditu beste 84 pertsonak. Horien artean ere baziren emakumeak eta haurrak, tartean 24 emakume eta sei haur —hiru jaioberriak—. Emakumeetako bat konorterik gabe atera dute ontzitik, eta gero bere onera itzuli da. Zortzi asteko haur bat, ordea, oso ahul dago oraindik. Gobernuz Kanpoko Erakundeak Maltari eskatu dio «lehenbailehen» eraman ditzala lehorrera.

Negua izan arren, gobernuz kanpoko erakundeek lanean jarraitzen dute. Eguraldi txarrak ez ditu migratzaileak gelditzen, eta azken asteetan ugaritu egin dira Europara heltzeko saioak. Horren lekuko dira han lanean ari diren ekintzaileak. Asteartean, esaterako, Kataluniako Open Arms itsasontziak 62 migratzaile eraman zituen Tarantora (Italia). Aurretik Aita Mari-k beste 78 lagun erreskatatu zituen, eta, bost egunez zain egon ostean, Pozzallon (Sizilia) uzteko baimena jaso zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.