Emakume Master Cup

Arrillagak eta Larrartek jokatuko dute pilota mistoko finala, eta Espinarrek eta Etxanizek goxokoa

Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketako finalak abenduaren 15ean jokatuko dituzte, Barakaldon. Espinarrek txapelari eusteko aukera izango du.

Arrillagak (urdinez) aise irabazi dio partida Garairi (gorriz). JUANAN RUIZ / FOKU
2019ko abenduaren 1a
10:43
Entzun

Lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketak baditu finalistak; biren faltan, lau. Gaur jokatu dituzte lau finalaurrekoak —mistoko bi eta goxoko bi—. Aurreneko txapelketa dute pilota mistoarekin, eta Miriam Arrillaga eta Miren Larrarte ariko dira lehen txapelaren lehian. Goxoarekin, berriz, Patri Espinar egungo txapeldunak bere lekua defendatuko du Leire Etxanizen aurrean. Abenduaren 15ean jokatuko dituzte bi finalak, Barakaldoko pilotalekuan (Bizkaia).

Galdakaon (Bizkaia) aritu dira gaur, eta giro beroa izan da pilotalekuan. Pilota mistoarekin, Miriam Arrillaga eta Leire Garai aritu dira elkarren aurka lehen partidan. Aise nagusitu da Arrillaga, sakea eskuratu eta 11 tanto egin baititu segidan. Garai saiatu da zulotik ateratzen, baina 18-5 amaitu da partida. Sakearekin asmatu du Arrillagak, ezker paretara botata, eta aukerarik ez dio utzi Garairi.

Biziagoa izan da bigarren finalaurrekoa. Miren Larrarte eta Laia Salsamendi aritu dira orduan. Aurretik ibili da Larrarte, eta zortzi tantoren aldea ere izan du une batez, baina Salsamendi gerturatu egin zaio, eta 13-15era estutu du markagailua. Joko ausarta egin du Salsamendik, baina ez du aurrera egiterik izan; izan ere, tantoak egitearekin batera, galdu ere egin ditu. 18-13 amaitu da partida, baina ikusleak gustura geratu dira Salsamendiren lanarekin; izan ere, 13 urte ditu soilik.

Hortaz, Arrillagak eta Larrartek jokatuko dute pilota mistoko lehendabiziko Emakume Master Cup finala. Jokoan eragina du pilotak; azkarragoa da, eta mesede egiten dio indarrez aritzen denari.

Pilota goxoarekin, iazko finalean aritutako pilotari berak izan dira lehen finalaurrekoan: Olatz Arrizabalaga eta Patri Espinar aritu dira lehian. Espinarrek eroso jokatu du hasieratik; airez tanto ugari egin ditu, eta partida gidatu du esku batekin zein bestearekin. Arrizabalagak lanak egin ditu eusteko, baina ez du aukerarik izan: 18-7.

Emozio gutxiko finalaurrekoa izan da azkena. Iera Agirrek ezin izan du Leire Etxanizen aurrean, eta, hasieran tanto pare bat egin ondoren, ez du aurrera egiterik izan. Etxaniz eroso aritu da jokoan, eta finalerako txartela eskuratu du. 18-2.

Amaia Jakak txapela

Atzo Laboral Kutxa Emakume Master Cup promozio mailako txapelketako finala jokatu zuten Otxandion (Bizkaia). Amaia Jaka nagusitu zitzaion Ainhoa Ruiz de Infanteri, 22-8 irabazita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.