Espanyol 2-4 Osasuna

Azkar berreskuratu du etxean galdu zuena

Garaipen handia lortu du Osasunak, denboraldi honetan etxetik kanpo lortu duen bigarrena. Lau golak bigarren zatian sartu ditu, etxekoen aldea iraultzeko. Azkeneko 40 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu ditu. 

Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 1a
13:49
Entzun

Osasunak kolpea hartu zuen aurreko igandean zaleen aurrean, Athleticen aurkako derbia galduta, etxean 31 partida segidan galdu gabe jokatu eta gero. Gaur, ordea, azkar eman dio buelta zortzikoari, eta hiru puntu haien baliokideak Bartzelonan berreskuratu ditu. Irabazi egin dio Espanyoli (2-4). 

Juan Perez atezain gazteak ez du berehala ahaztuko gaurkoa, debuta egin duelako Lehen Mailan Osasunarekin, kontratua luzatu dioten astean, gainera. Ez du lan handirik eduki, ez behintzat bigarren zatian, orduantxe erabaki baitu partida Jagoba Arrasateren taldeak. Izan ere, lehen zatian galtzaile ziren nafarrak, Marc Rocak 20. minutuan penaltiz sarturiko golaren eraginez. Espanyol azken-aurrekoa da sailkapenean, eta garaipena behar zuen. Hori lotzen hasteko aukera garbia eduki du Pedrosak lehen zatiaren amaieran, baina ateko zuloan kanpora bota du burukada. Damutu zaie gero etxekoei, damutu zaienez. 

Bigarren zatian bi opari jaso ditu Osasunak aurkariaren partetik: lehen jokaldian, Ruben Garciak berdinketa lortu du, buruz, eta 49. minutuan, Chimy Avilak bigarrena sartu du. Espanyolekoak oso urduri jarri dira, zaleak txistuka ere hasi zaizkie, eta 52. minututik aurrera alde jarri zaien egoera bat baliatzen asmatzen ez dute jakin. Izan ere, Osasunako Roncagliari bigarren txartel horia atera dio epaileak, eta kalera joan da gorriarekin.

Ematen zuen etxekoek estutu egingo zutela Osasuna, baina ezta gutxiago ere. Nafarrak beste bi gol sartzeko gai izan dira. Hirugarrena Moncayolak sartu du, 84. minutuan, etxekoen beste huts handi bat baliatuz, eta laugarrena Roberto Torresek egin du, penaltiz, 92. ean. Espanyolek lotsarenak egin ditu Calleriren golarekin, azkeneko minutuan, 93. ean. 

Gaurko hiru puntuekin 22 dauzka Osasunak, eta sailkapenaren lehen hamarretan da. 

 

FITXA

Espanyol  2: Diego Lopez; David Lopez, Bernardo, Calero
(Melendo, 63. min.); Pipa, Darder, Victor Sanchez (Calleri, 52. min.),
Roca, Pedrosa (Piatti, 68. min.); Wu Lei eta Campuzano.

Osasuna 4: Juan Perez; Nacho Vidal (Jon Moncayola, 59. min.),
D. Garcia, Roncaglia, Estupiñan; Torres, Brasanac, Oier, R. Garcia;
Chimy Avila eta Adrian Lopez (Raul Navas, 54. min.).

Golak:1-0: Marc Rocak, penaltiz (20. min.); 1-1: Ruben
Garciak (46. min.); 1-2: Chimy Avilak (49. min.); 1-3: Moncayolak (84.ean);  1-4:
Roberto Torresek, penaltiz (92. min.); 2-4: Callerik (93. min.).

Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak: Espanyoleko Victor Sanchezi; Osasunako Roncaglia (2), Ruben Garcia eta Moncayolari. Txartel gorria: Osasunako Roncagliari (52. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.