Euskal produktuak

Babarrun beltza, neguko eltzeko izarra

Eusko Label ziurtagiriarekin saltzen dira Tolosako Babarrunak, kalitatearen erakusgarri.

Tolosako Babarruna eskuz biltzen da erabat. TOLOSAKO BABARRUNA
2019ko abenduaren 13a
10:23
Entzun

Euskal sukaldeetako izar handiak dira lekaleak. Babarrun plater ederrak egiten dira amonen etxean, goxotasunez, eta orduak borborka emanda. Denetariko produktuak gehi dakizkioke babarrunari: barazkiak, txerrikiak… Tolosako babarruna ongi ezaguna da, Eusko Label ziurtagiriarekin, bai Euskal Herrian, bai atzerrian.

Tolosako Babarruna izeneko elkarteak sortu zuen, 1994an, eta egun 58 ekoizle ditu. Elkartea nahiko berria da oraindik, baina arrakastaz gainditu ditu lehenengo aldi horiek. 2002ko azaroan, Tolosako Babarruna aletu, bereizi, izoztu, ontziratu, etiketatu eta merkaturatzeko pabiloia inauguratu zen. Hori da elkarteak orain duen egoitza, eta banaka inoiz izan ezingo lituzketen instalazioak, makineria eta zerbitzuak eskaintzen dizkie bazkideei.

Elkartearen helburu nagusiak dira bertako babarruna defendatzea, ezagutaraztea eta bereiztea, kanpoko babarrunari aurre egiteko, erruz sartzen baita; kontsumitzaileari jatorriaren eta kalitatearen ziurtagiria duen produktu bat eskaintzea, eta nekazariari, berriz, ordain egokia eta duina ematea. Elkarteak labore horren ikerketa eta garapena sustatu eta bultzatu nahi ditu, ekoizleari aholkularitza teknikoa eskaintzen dio, lan-prozesuetan ezarritako sistema eragileen bidez produktuaren ibilbidea eta kalitatea kontrolatzen ditu eta elkarren arteko merkataritza bereizia gauzatzen du, irudi korporatiboaren erabilera zentralizatuz eta kontsumitzaileen konfiantza hobetuz.

Babarrunak Eusko Label jatorria eta kalitate ziurtagiria izateko dastatzen direnean, kalitate bikainekoak edo oso onekoak izan behar dute, eta ezaugarri eta baldintza hauek bete: Euskal Autonomia Erkidegoaren alde atlantikoan ekoitziak izan behar dute, 585 milimetroko edo hortik gorako benetako ebapotranspirazioa duen inguru batean, eta neguko batez besteko gutxieneko tenperaturak eta udako gehienezkoak kalitatezko babarrunaren garapenerako egokia izango den klima bati dagozkionak izan behar dute.

Ingurumena errespetatzen duen ekoizpen-sistema bat izateagatik eta produktuaren kalitate-ezaugarriengatik, Tolosako Babarrunak merezimendu guztiak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan kalitatearen bermatzaile nagusia den Eusko Labelaren kalitate ezaugarria lortzeko. Erakunde hori laborari txikien esfortzua saritzeaz arduratzen da, eta haien produktua bultzatzeaz eta babesteaz.

Ekoizpenaren sekretuak

Tolosako babarruna urteko lekadun bat da; sustrai-sistema oso garatua du, eta zurtoin mehe eta luzeak ditu abarreztatzeko. Tolosako babarruna ohiko eran egiten da, eta ingurumena errespetatuz, inola ere behartu gabe eta eskulan ugari erabilita. Hasteko, lurra jiratzen dute, goldea erabiliz, eta aldi berean simaurra nahasten diote. Inguruko sakontasunean jiratzen dute; urtero goldearen sakontasuna aldatzea komeni da, ez daitezen geruza gogorrak sortu. Lan hori urritik abendura bitarte egin behar da, eta, soroan neguko laboreren bat izanez gero, lan horiek udaberrian egiten dituzte.

Maiatzaren erdialdera ereiten dute, izotzen arriskua igaro ondoren. Ereiteko aldi hori atzera daiteke, baina ekainaren erdialderako amaituta behar du, dagokion garaian bildu ahal izateko. Ereiteko metodorik erabilienak hauek dira: eskuzkoa, eta doitasunez ereiteko makina. Lan horiek ia beti eskuz egiten dituzte, eta bereziki landarea txikia den bitartean.

Landatuta dagoenean, tutoreak jartzen dira. Landareak euskarri eta gida izango ditu garapenean, eta lehenengo hosto trifoliatuak ateratzen zaizkionean jarri behar dira. Gero, jorratu egin ohi da, lurra aireztatu eta belar txarrei aurre egiteko.

Babarrun-biltzea eskuz egiten dute erabat, eta aldizka biltzen da; lekak heltzen diren heinean, eta barruan dituzten “perlak” behar bezala helduta daudenean. Arreta handiz egiten da bilketa-sistema hori, eta, hain zuzen, horrek bermatzen du Tolosako Babarrunaren goi mailako kalitatea.

Bildu ondoren, beti egin izan den moduan, lekak baserrietako ganbaretan zabaltzen dira, harik eta aleek %14ko hezetasuna lortu arte.

Kalitatez erosi

Kilogramo erdiko, kilogramo bateko eta hiru kilogramoko ontzi unitarioetan merkaturatzen da Tolosako Babarruna, behar bezala zigilatu eta etiketatua jatorria eta kalitatea ziurtatzeko. Gordinik edo prestatuta eros daiteke. 25 kilogramoko zakuak ostalaritzarako bakarrik erabiltzen dira, eta errafiazko zaku itxi eta zigilatuetan saltzen, Eusko Labelaren kontrol-ezaugarriarekin. Babarruna salgai jartzeko aukeratu diren modalitate horiek kontrol-etiketa zenbatua dute ontzian edo zakuan, eta, bertan du Eusko Labelaren ezaugarria, produktuaren kalitatea eta jatorria kontrolatu eta ziurtatzen dituen Kalitatea Fundazioak emana.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: www.alubiasdetolosa.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.