Binakako Txapelketa

Aurreneko garaipena Altuna-Ladis Galartzarentzat

22-17 irabazi diete Irribarri-Rezustari Eibarko Astelenean, eta txapelketan ez da bikoterik garaipenik gabe. Azkenak dira gaurko galtzaileak. 

jarraia174840.gif
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 8a
18:07
Entzun

Premian ziren Altuna III.a eta Ladis Galartza Binako Txapelketan, lehen bi partidetan ez zutelako puntu alerik batu. Hirugarrenean, aurrez aurre zein izango, eta 2017ko txapeldunak: Irribarria eta Rezusta. Eibarko Astelenan lehiatu dira bi bikoteak, eta lortu dute txapelketa honetako aurreneko puntua Altunak eta Galartzak. 22-17 irabazi dute. 

Altunak bizi ekin dio lehiari, erasokor eta lotsagabe. Urdinak 0-2 aurreratu dira. Baina konturatzerako, 6-2 galtzen ziren. Galartza ez da ondo aritu hasiera horretan. Ematen zuen urdinek arratsalde txarra pasatuko zutela, baina etorri dira berriz ere partidara, eta 8na berdintzea lortu dute. Bizia zihoan norgehiagoka, eta tartean tanto ikusgarriak ere egin dituzte. 

Berdinketa horretatik aurrera, ordea, gero garaile izan direnek hartu dute aurrea, eta horri eutsi diote amaierara arte. 9-15 aurreratu dira, baina gorriek 11. tantoa egin dutenean (11-15), pilota biziagoa atera dute, frontisetik azkar ateratzen zena. Lortu dute horrekin Altuna jokoan ez sartzea, baina Galartza ordurako ondo ari zen, eta pilota berri horrekin ere dotore moldatu da atzelari nafarra. 12-15 gerturatu dira Irribarria eta Rezusta, baita 15-18 ere. Tarte horretan eta akaberara arte, tantorik gehienak hutsen bidez egindakoak izan dira. Azkenean, 22raino heldu dira Altuna eta Galartza, eta 17an geratu Irribarria eta Rezusta. Altuna partidarik irabazi gabe zegoen Lau eta Erdiko Txapelketan finalaurrekoa irabazi zuenetik. Sailkapenean, azkenak dira gaurko galtzaileak. 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 3 puntu
2. Artola-Imaz  2 pt. 
3. Laso-Albisu 1 pt.
4. Ezkurdia-Martija 1 pt. 
5. Altuna III-Ladis Galartza 1 pt. 
6. Bengoetxea VI-Mariezkurrena II 1 pt.
7. Olaizola II-Urrutikoetxea 1 pt.
8. Irribarria-Rezusta  1 pt. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.