Klima Larrialdia

Europak berdearen alde egin du apustu

Europako Batzordeak Itun Berdea aurkeztu du. Von der Leyenek esan du 2050erako klima neutraltasuna lortzeko xedea «Europaren 'gizakia ilargian' momentua» dela.

Ursula Von Der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Europako Itun Berdea aurkezten. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 12a
09:56
Entzun

«Oso egun berezia da gaurkoa», aitortu du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Itun Berdea «Europaren gizakia ilargian momentua da», gaineratu du, AEBak espazioko lasterketan jarri zituen John F. Kennedyren deklarazioa gogoan.

Von der Leyenentzat eta haren Europako Batzordearentzat, gaur aurkeztutako Itun Berdeak arrazoi askorengatik du funtsezko garrantzia. Hasteko, klima larrialdia eragin globaleko kontu bat delako. Hari aurre egiteko estrategia jakinik gabe ez da Parisko Hitzarmena beteko; ez da berotze globala mugatuko. Bestalde, klimaren gaia bere agintaldiaren ezaugarri nagusietako baten gisara aurkeztu du Ursula Von der Leyenek, eta hori giltzarria izan zen haren izendapenarentzat Europako Parlamentuaren babesa lortzeko orduan. Ez da ahaztu behar, gainera, alderdi berdeek gaur egun aulkien ia %10 hartzen dituztela Europako Parlamentuan, eta hor ere aurkeztu du gaur Von der Leyenek Itun Berdea.

Horrez gain, europazale askok uste dute klima larrialdiaren kontrako borrokan apustu sendo bat egiteak Europari nolabaiteko aitzindaritza bat berreskuratzea ekarriko liokeela, eta modurik onenetako bat dela industriari ezinbestekoa izango duen astinaldia emateko. Aitzindaritzaz hitz egin du Von der Leyenek ere: «Lider izan nahi dugu klima aintzat hartuko duen industrian, teknologia garbietan eta finantzaketa berdean».

«Konbentzituta nago kutsaduran eta erregai fosiletan oinarritutako gure ereduarenak egin duela eta bateraezina dela gure planetarekin», esan du Von der Leyenek. Itun Berdea «gure hazkunde estrategia berria» izango da, eta «isuriak murrizteko, lanpostuak sortzeko eta berrikuntza sustatzeko» balio izango du. «Gure xedea da gure ekonomia gure planetarekin adiskidetzea. Adiskidetu gure ekoizteko modua, gure kontsumitzeko modua, gure planetarekin».

Edonola ere, gaur aurkeztutako Itun Berdea errealitate bihurtuko den edo asmo onen infernura doan, datozen hilabeteetan argituko da. Itunak berak jasotzen ditu neurriak lege gisa gauzatzeko epeak, eta, haiei begira, argi dago 2020. urtea oso inportantea izango dela borondatea betetzen hasten den ala ez ikusteko; Batasuneko herrialdeak —eta parlamentua— prest dauden bere egiteko Europako Batzordeak proposatutakoak. Itun Berdeak guztira 50 politika, erreforma, egitasmo eta araudi berri jasotzen ditu.

Epeak betetzeak berebiziko garrantzia du, baina funtsezkoa izango da ikustea ea badagoen dirurik neurri horiek guztiak modurik bidezkoenean ezartzeko. 100.000 milioi euroko kopurua aipatu du atzo Von der Leyenek.

Klima neutraltasuna

Europako Batzordeak nahi luke kontinentea isurietan neutrala izatea 2050ean —isuririk gabe—, baina horretarako derrigorrezkoa izango da tarteko epean ere isuri helburuak zorroztea. Gaur egun, Europako Batasunak bere buruari jarritako helburua da 2030erako karbono dioxido isuriak %40ko gutxitzea —1990. urteko isuriekin alderatuta—. Itun Berdeak, berriz, helburu handinahiagoa jaso du: 2030erako isuriak erdira gutxitzea; baztertu gabe murrizketa are handiagoa izan daitekeela, %55ekoa.

Gobernuz kanpoko ingurumen erakundeek, ordea, gehiago nahi lukete; adibidez, Greenpeacek. Haientzat egingarria eta egin beharrekoa da Europako Batasunak isuriak 2030erako %65 murriztea.p>

Helburu horiek ezartzeko, Europako Batzordeak 2020ko martxorako nahi du prest Europako Klimaren Legea —Itun Berdeko isuri helburu horiei lege izaera aitortzeko proposamena—. Baina 2030eko murrizketa helburuak geroago etorriko dira, 2020ko udarako, eta, ondoren, Batasuneko herrialdeek inpaktu ebaluazioa egin beharko lukete; beraz, gainera etorri daiteke azaroko Glasgowko (Eskozia) COP26 Goi Bilera garrantzitsua, zeinetan herrialdeek luzera begirako euren deskarbonizazio plan nazionalak aurkeztu behar dituzten.

Energia

Funtsezkoa izango da energiaren sorkuntza ahalik eta bizkorren deskarbonizatzea, eta energiaren erabilera ahalik eta eraginkorrena egitea. Lan horietan Itun Berdeak gidaritza aitortzen dio Europako Batzordeari. Batzordeak energiaren inguruko zuzentarauak berrikusiko ditu beste hainbatekin batera, 2021. urteko ekainean.p>

Batzordeari tokatu zaio estatuen behin betiko energia eta ingurumen planak gainbegiratzea ere —oraindik zirriborro dira—. Beharrezkoa balitz, «anbizio hutsuneren» bat balego plan horietan, ez da baztertzen hutsune hori betearazteko batasun mailako beste tresnaren bat garatzea.

Mugikortasuna

Emisioak murrizteko indarrean dagoen mekanismoetako bat da isurketa eskubideen merkatua, zeinak Europako 12.000 fabrika kutsatzaileenak barneratzen dituen: findegiak, zementu fabrikak eta abar. Eskubide mugatuen bitartez, isuriei muga bat jartzen die merkatuak, eta haien salerosketarekin eraginkortasun energetikoa bultzatzea ere bada helburua. Isurketa eskubideen prezioak erabat baldintzatzen du merkatu horren eraginkortasuna, eta Itun Berdeak haren erreforma bat iragarri du, hain zuzen isurketak garestitzeko.

Eta Itun Berdearen asmoen artean dago itsas garraioa ere mekanismo horretan ezartzea. Aipatu da, gainera, aurrerago agian errepide garraioa bera ere merkatu horretan sartuko dela. Garraio sistema adimentsu eta jasangarrirako estrategia 2020rako nahi du Itun Berdeak, «garraio sektorearen isuri guztiak kudeatzeko».

Horrez gain, errepide garraioa ukituko duten neurri gehiago ere izango dira. «Garraioaren prezioak ingurumenean eta osasunean duen inpaktua islatu behar du», Itun Berdearen arabera. Errekuntzako motorrentzat jada gogortzen ari diren isuri mugak beste behin ere zorroztuko dituela dio batzordeak, eta «azken aldiz izango da, zero emisioko mugikortasunerako erabateko jauziaren aurretik». Itun Berdeak «errepideen salneurri eraginkorra» ere aipatu du, merkantzia astunen garraioari begira eta Eurobinetari erreferentzia eginez, eta Batzordeak gaiaz proposamen «handinahiak» egingo dituela dio.

Hegazkinen isuriak ere murriztu nahi ditu Itun Berdeak; besteak beste, aire konpainiei CO2 isurtzeko eskubideen kopurua murriztu nahi die Europako Batzordeak. Ez du aipamenik egiten, ordea, kerosenoa zamatuko lukeen zerga berdeari buruz.

Ekosistemak, elikagaiak eta biodibertsitatea

Ingurumena zaindu eta berreskuratzeko neurriak ere proposatzen ditu itunak. Besteak beste, Europa basoberritzeko plan bat egingo du Batzordeak. Eta, From farm to fork (baserritik sardexkara) izenpean, «ziurtatuko» du Nekazaritza Politika Bateratuan herrialdeek anbiziozko ingurumen helburuak izango dituztela. Pestizidentzat alternatibak bilatzea, elikagaiei buruzko herritarrentzako informazioa hobetzea; janaria alferrik ez galtzeko neurriak... Datorren urte amaieran horien inguruko neurri zehatzak iritsiko lirateke. Karbono isuriez aparteko kutsadurari dagokionez, airearen eta uren kutsadura hobeto monitorizatzeko eta murrizteko araudiak moldatzea ere aurreikusten du Itun Berdeak. 

Zergak, laguntzak eta muga zergak 

Europan ingurumenari buruzko zerga sistemak hartu behar duen bideaz ere asko hitz egin da azkenaldian. Zergak dira isuriak murrizteko beste mekanismo bat, «prezio eta kostu zuzenen seinaleak» emateko modua. Itun Berdeak, besteak beste, Energiaren Zergapetzearen Zuzentaraua berrikusteko asmoa agertu du, hura isurien murrizketarako helburu berriekin bateratzeko. Eta xede berarekin berrikusiko dute ingurumen eta energiarako estatuei laguntzeko araudia.

Inbertsio planak eta bidezko trantsizioa

Batzordearen arabera, urtero 260.000 milioiko inbertsio gehigarri bat egin beharko da 2030erako helburuak betetzeko.  EIB Europako Inbertsio Bankua tresna garrantzitsua izango da Itun Berdean jasotakoak betetzeko. Dagoeneko EIBri mugatu egin zaio erregai fosilen inguruko inbertsioa finantzatzeko epea; 2021. urtean amaituko dira halakoak. Eta, horrez gain, EIB nolabaiteko banku klimatikoa bihurtu nahi dute, 2025. urterako bankuaren finantzaketaren erdia berdea izatea.

«Zenbaitek transformazio honen kostu handia aipatzen dute», esan die Von der Leyenek Europako parlamentarioei, «baina ez ezazue ahaztu zenbateko kostua lukeen ezer ez egiteak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.