Greba Ipar Euskal Herrian

Erretreten erreformaren kontrako protesta egin dute Baionan

Hirugarren greba eguna da gaurkoa. Goizean, zenbait grebalarik Baionako autobus zerbitzu publikoa blokeatu dute. CFDT sindikatuak bat egin du mobilizazioekin, lehen aldiz.

Manifestazio jendetsua egin dute Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko abenduaren 17a
14:51
Entzun

Hamahiru egun igaro dira Frantziako Gobernuak bultzatutako pentsioen erreformaren aurkako protestak hasi zirenetik. Jean Paul Delevoye pentsioetarako goi mandatariak dimisioa eman zuen atzo, hirugarren greba egunaren bezperan, asurantza munduarekin duen harremana argitara atera ondotik —Frantziako Gobernuko goi komisario izanik ere, beste dozena bat kargu zeuzkan egitura pribatuetan—. Hura zen Emmanuel Macronek pentsioen erreforma gidatzeko izendatutako pertsona. Sindikatu guztiek mobilizazioetara deitu dute gaurko Ipar Euskal Herrian eta Frantzian; CFDTk lehen aldiz egin du bat deialdiarekin.

Michel Larralde Baionako CFDTko idazkaria da: «Gobernuarekin izan dugun negoziazioa berriz irekitzea nahi dugu, urrunegi joan baitira erreformaren neurri batzuekin, hala nola adinaren kontuarekin». Larraldek ez daki zenbat denboraz segituko duen CFDT sindikatuak mobilizazioetan parte hartzen, «goizegi» baita, haren ustez. «Guk gobernuari ulertarazi nahi diogu karrikara ateraz gero indar harremana eraikitzen ahal dugula. CFDT sindikatuak badaki negoziatzen, baina Gobernua ez dugu gure burua zapaltzera utziko», esan du.

Manifestazioa egin dute Baionan, eta Hendaian ere (Lapurdi) manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte herriko etxearen aurrean, Baionako protestara batu aitzin. Milaka pertsona elkartu dira Baionan; abenduaren 5az gero —lehen mobilizazio eguna— izan den manifestaziorik jendetsuena izan da.  Arratsaldean, langile grebalariek batzar bat egingo dute, protestekin nola jarraitu erabakitzeko. Dagoeneko iragarri dute osteguna izango dela hurrengo mobilizazio eta greba eguna.

Grebalariak goizean goizetik hasiak dira protestan Baionan: Aitzina gazte antolakundeko eta LAB, CGT eta Solidaires sindikatuetako kideek piketea osatu dute 05:30ean autobus geltokian, eta Chronoplus autobus zerbitzua geldiaraztea lortu dute. Zerbitzu horrek Angelu, Baiona eta Miarritze lotzen ditu; autobus zerbitzuak ez da ibili goizeko 10:30ak arte. Enedis elektrizitate eta gas enpresako langileek Miarritzeko zerga etxeko argindarra moztu dute goizean, eta argindarrik gabe segitzen du arratsalde honetan. Tren zerbitzua ere geldirik dago. Halere, SNCF tren konpainiak adierazi du Gabonetarako tren zerbitzu berezia jarriko dutela dagoeneko txartela erosia duten bidaiarientzat. Gaur, Miarritzeko aireportuan hiru hegaldi bertan behera geratu dira oraingoz. Biharko ekintza bat iragarri dute Hendaiako geltokian: Hendaia eta Paris arteko tren bakarra blokeatzera deitu dute, goizean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.