Ogasuna

Iruzurraren aurkako tiketa

Foru ogasunek enpresen eta autonomoen fakturazio sistema digitalizatuko dute, kontrola indartzeko. 2021ean jarriko dute martxan Ticket Bai egitasmoa. Bizkaiak aitorpen proposamenak igorriko ditu sistemako datuetan oinarrituta.

Jose Maria Iruarrizagak Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua eta  Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendaria, tiket berriekin. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi - Jokin Sagarzazu
2019ko abenduaren 17a
09:43
Entzun

Enpresen eta autonomoen jardunaren gaineko kontrol handiagoa izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Ticket Bai deituriko ordainagiri sistema digitala 2021ean jarriko dute indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horren bidez jakin ahal izango dute fakturak zuzenak diren eta saltzaileek deklaratu dituzten ala ez. Modu horretan egin nahi diote aurre zerga iruzurrari. Bizkaian 100.000 enpresa eta autonomori eragingo die; Gipuzkoan, 54.000ri.

Bilbon eta Donostian aurkeztu dute egitasmoa. Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean bultzatu dute, baina lurralde bakoitzak bere berezitasunak izango ditu, eta denbora ezberdinetan gauzatuko du; Bizkaian, 2021ean egongo da indarrean; Gipuzkoan, 2021ean hasiko dira, 1.000 zergadunekin; eta guztiekin, 2022aren amaieran. Araban datozen asteetan emango dituzte azalpenak.

Bi urte pasatu dira edozein erosketa egitean faktura emateko betebeharra indarrean denetik. Bizkaiko Ogasunaren kalkuluen arabera, egun salmenten %20 ez dira deklaratzen. «Bost fakturetatik bat borratu egiten da eta B kutxara doa», azaldu du Jose Maria Iraurrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak. Horri gehitu behar zaizkio iruzurrak egiteko beste moduak: bigarren kontabilitate bat egin dezaketen softwareak, esaterako. «Sistema honi esker, bermatzen dugu erregistro informatikoen egiazkotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta horiek aldatu ez izatea; hau da, behin igorri ostean, fakturak ezingo direla aldatu edo borratu ziurtatuko dugu», azaldu du Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatuak.

Sistema berrira egokitzeko, inbertsioak egin beharko dituzte: Interneterako konexioa, softwarea erosi edo eguneratu, inprimagailuak... Gastu horiei aurre egiteko,ogasunek zerga pizgarriak edo laguntzak eskaini dituzte. Bizkaiak inbertsio horien %30 itzuliko du aitorpenetan. «Isun zorrotzak» ezarriko ditu, halaber: adibidez, Ticket Bai softwarea falta izanez gero, 20.000 eurokoa, eta agiriak deusezteagatik, 40.000koa, gutxienez.

Gipuzkoak oraindik ez du jakinarazi halakorik. Ostegunean emango ditu zehaztasun gehiago ogasunaren webgunean, sistema martxan jartzeko enpresariek beharrezkoak izango dituzten bitartekoen inguruan eta egutegiari buruz.

Zirkulua ixten

Bizkaian aurrerago doaz, eta egitasmoak ekarriko duen beste berrikuntza baten berri eman dute. Ogasunek Ticket Bai sistema baliatuko dute BEZaren, PFEZaren eta sozietate zergaren aitorpen proposamenak egiteko eta enpresa eta autonomoei eta igortzeko. Gipuzkoan ere hala egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute zehaztu nola. Bizkaian Batuz izena jarri diote egitasmo horri, eta 2021ean hasiko dira, baina, nahi dutenek, 2020ko uztailaren 1etik erabili ahal izango dute.

Horretarako, baina, ordainagiri elektronikoa ez da aski izango; ikerketaren zirkulua ixteko enpresek eta autonomoek euren kontuak ezagutarazi beharko dituzte. 2021etik aurrera autonomoek fakturazio 140 eredua delakoa hiru hilabetean behin aurkeztu beharko dute ogasunaren egoitza elektronikoan. 140 eredua kontu liburu digitala da: erosketak, salmentak, BEZak jasotzen ditu... eta Bizkaiak 2014an ezarri zuen —Gipuzkoan ez dago halakorik—. Egun, urtean behin bidali behar dute bakarrik, eta ez da beharrezkoa aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztea.

Enpresek, berriz, 240 eredua erabili beharko dute. Autonomoen 140 ereduaren antzekoa da, eta hor agertzen dira enpresek egiten dituzten ariketa guztiak. 2021eko urtarriletik aurrera derrigorrezkoa izango da, eta enpresek egunero, hilabetero edo hiru hilabetean behin bidali beharko diote aldundiari.

Nola funtzionatuko du ‘Ticket bai’ egitasmoak?

Pertsona batek produktu edo zerbitzuren bat erosten duenean Bizkaiko edo Gipuzkoako saltokiren batean, fakturazio programak fitxategi bat sortuko du, eta horretan jasoko da jardueraren kontrolarentzako beharrezkoa den zerga informazio guztia. Gipuzkoan, ogasunarekin konektatuta dago sistema, eta, beraz, dokumentu hori foru erakundera igorriko da salmentaren ordainagiria atera bezain pronto. Bizkaian, enpresek zein autonomoek artxibo horiek igorri beharko dituzte beste informazio batzuekin batera, hiru-lau hilabetero, gutxi gorabehera.

Bezeroak, halaber, jasoko duen ordainagirian ikusi ahal izango du salerosketaren informazioa ondo igorrita dagoela ogasunera, fakturan dagoen QR kode baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.