Iragarpenak

Laboral Kutxak ekonomiaren moteltze arin bat iragarri du 2020rako

%1,8ko hazkundea espero du hurrengo urterako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,2koa Nafarroan. Datuak, oro har, uztailean emanikoak baino apalagoak dira

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, Laboral Kutxaren txostenaren egileak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abenduaren 18a
13:36
Entzun

«Hazkunde tasen moteltze prozesu batean gaude, baina ez dugu ikusten atzeraldian sartzeko arrazoirik», horrela laburbildu ditu Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa zuzendariak bankuak 2020rako eginiko iragarpenak. Izan ere, Laboral Kutxaren iragarpenen arabera, Barne Produktu Gordina (BPG) %1,8 igoko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hurrengo urtean, eta %2,2 Nafarroan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako iragarpenak aurtengo uztailean eman zituztenak baino apalagoak dira, orduan %2,1eko hazkundea aurreikusi baitzuten. Nafarroan, berriz, duela sei hilabeteko tasa bera mantendu dute. 2019ko datuei dagokienez, uztailean emanikoak mantendu dituzte; BPGa %2,2 igoko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan.

Motelaldiak eragina izango du langabezia tasan, baina, hala ere, Laboral Kutxak espero du Hego Euskal Herrian 39.000 lanpostu berri sortzea 2019-20 biurtekoan. 12.000 Nafarroan eta 27.000 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: uztailean esandakoak baino 1.000 gutxiago. 2019ko langabezia tasa %9,3koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %8,1ekoa Nafarroan. 2020ra begira tasa horiek %9,1era eta %7,9ra jaistea espero dute, hurrenez hurren. KPIaren inguruko aurreikuspenak ere plazaratu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %1ko igoera espero dute urte honetarako, eta %1,1ekoa hurrengorako. Nafarroan, berriz, %1,2ko igoera espero dute aurten, eta %1ekoa 2020rako.

Ikerlariaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan industria ekoizpenak behera egin du 2019ko azken hilabeteetan, hala manufaktura industrian nola ekipamendu ondasunean. Beherakada horretan nabarmentzekoa da Alemaniara eginiko esportazioak, 2019ko lehen sei hilabetekoan %1,8 jaitsi baitira. Industria makaldu arren —BPGaren %22 da—, zerbitzu sektorearen fakturazioak gora egin du, 2019ko lehen sei hilabetean %4,2 igo baita. «Nolabaiteko sendotasun» gisa deskribatu dute egoera hori, 2018an %7,2 igo baitzen zerbitzu sektorea.

Nafarroari dagokionez, «dibergentzia» aipatu dute ikerlariek, industria mantendu egin baita. Madariagak azaldu du zergatia: «Alemanian, automozio ekoizpena jaitsi egin da, baina ez auto salmenta. Alegia, Alemaniako etxeek Alemaniatik kanpo eginiko autoak saldu dituzte, eta, alde horretatik, Landabenek pisu handia du Nafarroako ekonomian». Volkswagenek lantegia du bertan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.