Lan istripua

Langile bat hil da Gasteizen, aldamio batetik erorita

Hiru metroko altuera batetik erori da, eta mediku zerbitzuek ezin izan dute suspertu

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 2a
15:41
Entzun

Istripua Gasteizen izan da, 14:00etan, Olarizu etorbidean, eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, aldamio batetik erorita hil da langilea. Eraikuntza lanetan ari zen, hiru metroko altuera batean, eta mediku zerbitzuak iritsi direnean ezin izan dute suspertu. 2020. urtean Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz hildako lehen langilea da. Osalanek jakinarazi duenez, itxura batean, aldamioaren muntatze lanetan zebilela erori da behargina, baina ez dakite zergatik galdu duen oreka. Horregatik, ikerketa abiaraziko du osasun eta segurtasun institutuak.

Juan Luis EspaƱa CCOOko eraikuntza esparruko arduradunak esan du igeltseroak denbora gutxi zeramala Arnaiz Asc 21 enpresarentzat lanean. Eraikuntza enpresa hori da Olarizu etorbidean etxe berria egiten ari dena. Erorikoa gertatu denean, beste lau lankide zeuden inguruan. Istripua izan duenaren oihua entzun dute, baina begiratu dutenerako lurraldean aurkitu dute langile hila. Haiek deitu dute larrialdietara.

2018ko igoera handiaren ondoren, 2019an berriro behera egin du lanean hildakoen kopuruak. LABen zenbaketaren arabera, iaz 44 lagun hil ziren Euskal Herrian beharrean ari zirela, 2018an baino 24 gutxiago (-%35). Berez, 42 dira Euskal Herrian hildakoak, baina sindikatuak zenbatu egin ditu lan bidaietan hildako beste bi, bata Kemperlen (Bretainia) eta bestea Tolucan (Mexiko).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.