Urrezko Globoak

'1917' eta Tarantino irabazle Urrezko Globoetan

The Irishman-ek ez du saririk lortu, eta Marriage Story-k, bakarra. Telesailen artean, Succession-ek eta Fleabag-ek eskuratu dituzte sari gehien.

Mendesek bi Urrezko Globo irabazi ditu: drama filmik onenarena, eta zuzendaririk onenarena. CHRISTIAN MONTERROSA / EFE
Andoni Imaz.
2020ko urtarrilaren 6a
07:09
Entzun

Urrezko Globoetarako izendapen gehien zituzten pelikulen artean, Netflix zen nagusi. The Irishman eta Marriage Story drama onenaren saria irabazteko hautagai sendoak ziren, baina Hollywoodeko atzerriko prentsaren elkarteak ezustekoa eman du bart: Sam Mendesen 1917 pelikulari eman dizkiote drama onenaren eta zuzendari onenaren sariak. Garai aproposean, gainera: filma datorren asteburuan estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, eta hurrengo asteazkenean, berriz, Ipar Euskal Herrikoetan. Lehen Mundu Gerrari buruzko filma da, eta plano sekuentzia baten itxurarekin filmatu dute.

Bong Joon-ho, Todd Phillips, Martin Scorsese eta Quentin Tarantino ziren zuzendari onenaren Urrezko Globoa jasotzeko gainontzeko hautagaiak. Horien gainetik saritu dute Mendes (American Beauty, Road to Perdition, Skyfall...), eta Scorsese bera aipatu du saria jaso duenean: «Areto honetako zuzendari bakar bat ere ez dago Scorseseren itzaletik kanpo», esan du. The Irishman faboritoetako bat zen, baina ez du saririk lortu.

Komedia edo musikalik onenaren saria Tarantinoren Once Upon a Time in... Hollywood filmak irabazi du. Zuzendariak gidoi onenarena ere jaso du, eta hura ere harritu egin du The Irishman-en gainetik geratu izanak: «Ezin dut sinetsi Steve Zailliani [The Irishman-en gidoilariari] irabazi diodanik». Pelikulak hiru sari jaso ditu guztira, Brad Pittek taldeko gizonezko aktorerik onenaren saria irabazi baitu.

Ricky Gervais komedianteak aurkeztu du gala, eta broma ugari egin ditu Netflixi buruz, Urrezko Globoen gala ia Netflixena zela esateraino. Izan ere, plataformak sekulako sarrera izan du sariketan: haren filmek 17 izendapen lortu zituzten, eta telesailek, beste horrenbeste. Azkenean, sari bana jaso dute: Laura Dern aktoreak taldeko emakumezko aktorerik onenarena, Marriage Story-n egindako lanarengatik, eta Olivia Colmanek telesailetako emakumezko drama aktorerik onenarena, The Crown-en antzeztu duen paperagatik.

Joaquin Phoenix aktoreak zeresan handia eman du azken boladan, Joker film entzutetsuan protagonistaren rol ikusgarria antzeztu zuelako. Hari eman diote gizonezko drama aktore onenaren saria. Emakumezko onenarena, berriz, Renee Zellwegerri. Judy Garland aktorearena egin du Judy pelikulan; hilaren amaieran estreinatuko dute.

Komediaren alorrean, berriz, Taron Egertoni eman diote gizonezko aktore onenaren saria, Rocketman filmean Elton Johnen papera egiteagatik, eta Awkwafinari, berriz, emakumezko onenarena, The Farewell filmean egindako lanagatik.

Ingelesez besteko filmik onenaren saria Bong Joon-horen Gisaengchung-i eman diote.

Telebistako sariak

Telesailen artean, bi garaile argi egon dira: Succession-en eta Fleabag-en bigarren denboraldiak. Dramarik onenaren saria eman diote batari, eta komediarik onenarena besteari. Gainera, Succession-eko Brian Cox aktoreak irabazi du gizonezko drama aktorerik onenaren saria, eta Phoebe Waller-Bridge Fleabag-eko aktore protagonistak, emakumezko komedia aktorerik onenenarena.

Chernobyl minisaila ere nabarmendu dute Urrezko Globoetan: hari eman diote, besteak beste, urteko minisail onenaren saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.