Zientzia

Lurraren tamainako planeta bat aurkitu du NASAk, bizitzeko moduko eremuan

TOI 700 d planeta ehun argi urtera dago, eta bizitza izateko ezaugarriak dituen bakarra litzateke bere sisteman. ESAk, berriz, Rubin galaxiaren argazki bat argitaratu du; "Agian, hurbileko unibertsoko galaxiarik handiena da".

Rubin galaxiaren irudia, Hubble teleskopioarekin aterata. EUROPEAN SPACE AGENCY
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 8a
10:42
Entzun

TOI 700 d. Izen hori du NASAren Tess sateliteak aurkitu berri duen planetak. Tess 2018ko apirilean jaurti zuten, Lurraren antzeko ezaugarriak dituzten planetak bilatzeko asmoz, Eguzki Sistematik haratago. Hau da, antzeko tamaina duten planetak bilatzen ditu, euren izarren eremu habitagarrian kokatuak. Azken aurkikuntza, TOI 700 d delakoa, Lurretik ehun argi urtera dago, Dorado konstelazioan.

Zehazki, Tess sateliteak eginiko behaketaren arabera, aurkitu berri den planeta Lurra baino %20 handiagoa da, eta 37 egunean behin ematen dio bira bere izarrari; TOI 700. Hura nano zuri bat da, Eguzkiaren tamainaren %40 inguru du, eta gainazaleko tenperatura erdia da. Haren inguruan hiru planetak orbitatzen dute, eta TOI 700 d da kanpoaldeen dagoena. Distantzia horrek kokatzen du eremu habitagarrian, hau da, gainazalean ur likidoa edukitzeko moduko egoeran. Izan ere, jasotzen duen energia ere Lurrarenaren antzekoa da; Lurrak Eguzkitik jasotzen duen energiaren %86 jasotzen du hark bere izarretik.

Ondorioz, beste biak ez lirateke bizitza izateko modukoak izango. TOI 700 b Lurraren ia tamaina berekoa da, eta hamar egun behar ditu bere izarrari itzuli bat emateko. Ziur aski, harritsua da. Bigarrena, berriz, TOI 700 c, Lurra baino 2,6 bider handiagoa da, eta hamasei egunean bira bat ematen dio izarrari. Hura planeta gaseoso bat dela uste dute adituek.

TOI 700 d planetaren baldintza zehatzak ere ez dira ezagutzen, baina zientzialariek Tess sateliteak bidalitako datuak baliatu ditzakete ordenagailu bidez ereduak sortu eta iragarpenak egiteko. Azken aurkikuntza horretaz gain, badira baldintza horiek betetzen dituzten planeta gehiago ere, tartean hiru TRAPPIST-1 nano ultrahotzaren inguruan, Aquarius konstelazioan; 39 argi urtera.

Rubin galaxia, handiena

TOI 700 d planetarena ez da astronomia mundutik iritsi den albiste bakarra. ESA Europako Espazio Agentziak Hubble teleskopioarekin eginiko irudi ikusgarri bat argitaratu berri du —goiko irudia—, teleskopioaren 30. urteurrena ospatzeko. Rubin galaxia ageri da bertan, Vera Rubin astronomiaren omenezko izena daramana. "Hurbileko unibertsoan" ezagutzen den galaxiarik handiena da, Esne Bidea baino 2,5 aldiz zabalagoa; hamar aldiz izar gehiago izango lituzke. Galaxiaren izen teknikoa UGC 2885 da, eta ESAko adituen esanetan, "erraldoi atsegin bat" da, milaka milioi urtez eremu horretan "lasai" mantendu dela uste baitute, "galaxiarteko espazioko hari formako azpiegitura batetik" hidrogenoa xurgatuz. Bere erdialdean zulo beltz supererraldoi bat du, baina kasu horretan ere, "erraldoi loti bat" dela uste dute, ez baitute uste inguruko galaxia txikiagoez elikatzen denik.

Zulo beltz supererraldoietan, hor kokatuko du ESAk bere hurrengo egiteko nagusietako bat. Konparazio baterako, Eguzkiak baino milaka edo milaka milioika aldiz masa gehiago izan ohi dute —Eguzkiak 330.000 Lurrek adina du—, eta galaxien eta unibertsoaren eboluzioaren erantzuna ezkutatzen dute. Esaterako, galaxia bakoitzaren eta horren barruan dagoen zulo beltzaren tamainaren arteko korrelazio bat dago. Berdin gertatzen da galaxien muturretan dauden izarrekin: zenbat eta handiagoa izan zulo beltza, orduan eta azkarrago mugitzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.