Musika

Zimmermann biolin jotzaileak ezin izango du Euskadiko Orkestrarekin jo, bigarrenez

Frank Peter Zimmermann biolin jotzailea ez da izango Euskadiko Orkestraren programazioan, erori eta lesio bat egin duelako. Huts egiten duen bigarren aldia da. Hutsune hori betetzeko, Anton Bruckner konpositorearen bederatzigarren sinfonia obraren laugarren mugimendua interpretatuko dute.

Frank Peter Zimmermann biolin jotzailea, artxiboko irudi batean. ROBERT GHEMENT, EFE
Nagore Arin.
2020ko urtarrilaren 9a
15:09
Entzun

Frank Peter Zimmermann biolin jotzaileak (Duisburg, Alemania, 1965) 2013. urtean jo behar zuen lehen aldiz Euskadiko Orkestrarekin batera, baina osasun arazoak zirela-eta ezin izan zuen hitzartutako obra interpretatu. Urte batzuen ondoren, berriz ere batu da Zimmermann Euskadiko Orkestraren egitaraura: ostiral honetan hasiko da kontzertu programa, baina ezin izango da etorri, ustekabean erori eta lesio bat egin duelako. Hala, bigarren aldiz egingo du huts biolin jotzaile entzutetsuak, "kontzertu programa berriaren bakarlari esperoenetako batek", Euskadiko Orkestraren hitzetan.

Alban Berg musikagilearen biolinerako kontzertua interpretatu behar zuen, eta lesioaren albistea jaso eta denbora falta dela-eta, ez dute ordezkatuko. "Ez dago haren kategoriako biolin jotzailerik hain denbora gutxian ordezkatu daitekeenik eta programako bost kontzertuetarako libre dagoenik", adierazi dute ohar batean. Lehen aldiz huts egin zuenean, Alina Pogostkina biolin jotzaileak ordezkatu zuen. Oraingoan, ordea, plangintza aldatu eta Anton Bruckner konpositorearen Bederatzigarren sinfonia interpretatuko dute. Euskadiko Orkestraren adierazpenaren arabera, Zimmerman biolin jotzaileak konpromisoa adierazi du orkestraren programaziora itzultzeko Alban Bergen biolinerako kontzertua lanarekin.

Brucknerren sinfonia ezohiko bat

Programa aldatzera behartu dituen istripuaren ondoren, bederatzigarren sinfonia obraren laugarren mugimendua interpretatuko dute: Finale du izena. Antolatzaileek "ezohiko" gisa izendatu dute, eta kontzertuaren bigarren zatirako hastapenetik programatuta zeuden hiru mugimenduei gehituko zaie. Nabarmendu dutenez, adituek Brucknerren azkentzat eta zuzentzat jo dute bertsio hori; izan ere, musikagileak hamar urte behar izan zituen azken lan hori sortzeko. Robert Treviño zuzendariak gidatuko du, eta hasirako programaren iraupen berbera du: 90 minutu.

Berlingo Filarmonikoak duela gutxi estreinatu zuen obra hori, Simon Rattler zuzendariaren gidaritzapean. Geroztik, urritan interpretatu da, eta horregatik izendatu dute "ezohiko" gisa. Ez, ordea, horregatik bakarrik. Bruckner hil eta gutxira desagertu zen Finale, 1896. urtean. Haren heriotzaren albistea zabaldu zenean, joan-etorri asko izan ziren konpositorearen etxean, eta ehun urte baino gehiagoz eskuz esku igaro dira haren ideia musikalen zirriborro ugari.

Samale et al izeneko argitaletxe taldea arduratu da azken urteotan zirriborro galdu horiek berreskuratzeaz eta biltzeaz. Duela zortzi urte lortu zuten guztiak batzea, eta horrela jakin zuten Finale izeneko obra hori ia erabat amaituta zuela konpositoreak: hamar segundoko bi zati labur baino ez dira falta. Orain, Euskadiko Orkestraren eskutik entzun ahal izango da Bruckenerren azken urteak jasotzen dituen lan hori. Askoren iritziz, konpositorearen "azken maisulana".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.