Binakako Txapelketa

Olaizolak eta Urrutikoetxeak aurrerapuso bat eman dute

Bikoteak irabazi egin die Bengoetxeari eta Mariezkurrenari (22-13) Zumaian, zortzigarren jardunaldian, eta seigarren postuarekin bat egin dute garaileek. 

jarraia176079.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 12a
10:02
Entzun

Bizirik da Olaizola-Urrutikoetxea bikotea Binakako Txapelketan. Hirugarren puntua lortu dute gaur Zumaian, eta seigarren postuarekin berdinduta geratu dira zortzigarren jardunaldiaren ostean. Bengoetxeak eta Mariezkurrenak, berriz, ez dituzte aukera asko, gaur ere galtzaile izan baitira; puntu ale bakarra dute. 

Partida luzea eta gogorra izan da, eta horretan eragina izan du piloten egoerak. Bengoetxea eta Urrutikoetxea kexatu egin dira partida ondorenean: «Oso txarrak daude; larrua erraz kentzen zaie», esan du aurrelari nafarrak, eta «pilota biziak» behar zituztela adierazi du; atzelari ari den bizkaitarrak esan du «ezertarako balio ez» dutela geratzen direla pilotak, eta partidak luzatu egiten direla. 

Kontuak kontu, gaurko garaileek merezimendu osoz lortu dute puntua. Serio jokatu dute, egin behar zutena eginez, eta estrategia horretan hautu hau nabarmendu da: atzera botatzea pilota. Mariezkurrena larri ibili da; hamar pilota galdu ditu guztira, eta azkar ikusi dute garaileek bikote urdineko atzelaria ez zebilela onenean. Aldi berean, erabaki eta estrategia horrekin, indarra kendu diote Bengoetxeak aurrean duen arriskuari. Gorriak biak aritu dira ondo, zurrun, eta Urrutikoetxearen jarduna oso ona izan da. 

Garaileak beti ibili dira aurretik. 0-3 hasi dira, eta partidako berdinketa bakarra launakoa izan da. Hortik aurrera, 14-8raino joan dira gorriak, eta 17-10 ere jarri dira. Urdinek erantzuteko saialdia egin dute, eta 17-13 jarri dira. Orduantxe, Urrutikoetxeak arazoak izan ditu eskuin zangoko giharrean, eta aldagelara ere joan da. Baina, hortik bueltan, galtzaileek kale besterik ez dute egin, eta Olaizola eta Urrutikoetxea erraz iritsi dira 22ra. 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 7 puntu
2. Ezkurdia-Martija 5 pt.
3. Altuna-Martija 5 pt.
4. Artola-Imaz 4 pt.
5. Laso-Albisu 4 pt.
6. Irribarria-Rezusta 3 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 3 pt. 
8. Bengoetxea-Mariezkurrena 1 pt. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.