Txokolatezko elkartasun irriak

Kikarakada egitasmoa hiru oinarriren bueltan eratuta dago: txokolate kikarakadak, haurrak eta errefuxiatuak. Elementuak uztartuz, kikara solidarioak eta liburu bat aurkeztu dituzte. Galder Izagirre, Gaizka Izagirre eta Oraitz Gartzia dira egitasmoaren sustatzaileak. Katiluak eta liburuak salduz Lesbosen bizi diren haur errefuxiatuentzako hezkuntza baliabideak lortzea dute helburu.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko urtarrilaren 13a
19:06
Entzun

Kikara bat. Txokolatez betetako kikara ketsua. Kikara eskuetan, haur bat; eta, edan ondoren, irribarrea ahoan. Keinu txikien indarra adieraz dezake ekintza sinple horrek; haur batek katilu bat txokolate hartzean sentitzen duen poza, «bizipozaren elikagai unibertsalaren» indarra. Ideia hori elkartasun proiektu bihurtu dute Galder Izagirre argazkilariak, Gaizka Izagirre Gaztezulo aldizkariko zuzendariak eta Oraitz Gartzia Zaporeak elkarteko kideak. Hiruren gaitasun eta asmoak batuz prestatu dute Lesbos uhartean (Grezia) bizi diren haur errefuxiatuei hezkuntza baliabideak eskaintzea helburu duen egitasmoa. Kikarakada izena jarrita, katiluak eta liburuak saltzeari ekin diote, lortutako dirua Lesbosen elkartasun keinu bihurtu nahian.

Txokolatea, errefuxiatuak eta haurrak. Hiru elementu horiek batuta sortu ditu Kikarakada proiektuak egitasmoa aurrera eraman ahal izateko bi euskarri fisiko. Batetik, Kikarakada hitza hizki zuriz idatzia duten katilu laranjak salgai jarri zituzten iazko azaroaren 1ean. Oraitz Gartziak esplikatu du katiluen diseinua ez zela ausazkoa izan: «Kikarak elkartasun sinbolo bihurtu nahi ditugu. Laranja kolorea ere ez da kasualitatea; izan ere, errefuxiatuak erreskatatzeko erabiltzen diren salbamendu txalekoen kolorea da laranja». Katiluak salduz lortutako dirua liburu bat egiteko erabili zuten. Liburu hori Durangoko 54. Azokan jarri zuten salgai estreinakoz, eta hor jaso dituzte Euskal Herriko txoko guztietako 47 idazle, kazetari, bertsolari eta musikariren testuak, hamazazpi errezetarekin batera. Ekarpena egin dute Harkaitz Cano idazleak, Fermin Muguruza musikariak, Ane Irazabal kazetariak eta Miren Amuriza bertsolariak, besteak beste. Errezetak proposatu dituzte, adibidez, Juan Mari eta Elena Arzakek eta Pedro Subijanak. Denek izan dute ardatz txokolatea. Sukaldariek, errezetak proposatuz; eta testuen egileek, berriz, txokolatea, haurrak eta errefuxiatuak oinarri hartuta prestatu dituzte idatziak.  

Liburuaren egituraren bidez, adin guztietako herritarrei esplikatu nahi izan diete Lesbos uharteko haur errefuxiatuek pairatzen duten egoera: «Hasieran, nik neuk Euskal Herriko haurrei txokolatea edaten ateratako argazkiak daude; bigarren atalean, berriz, Lesbosko egoera gatazkatsua esplikatzen saiatu gara, eta, ondoren, Lesbosko haurren argazkiak daude, txokolatea edaten», azaldu du Galder Izagirre argazkilariak. Hain justu, joan den urteko ekainean bidaiatu zuten Lesbosera egitasmoaren arduradunek, hango errealitatea islatzen duten irudiak lortzeko. Txokolate jan bat antolatu zuten irlako errefuxiatu zelai batean bizi diren haurrekin. «Hiru egun pasatu genituen han, baina oso biziak izan ziren; bazirudien hiru hilabete pasatu genituela», kontatu du Zaporeak-eko kideak. Moria kanpalekuan egin zuten jarduera, Refugees for Refugees elkartearen bitartez.

Urtebete da proiektua martxan jartzeko batzen hasi zirenetik, eta hiru hilabete eskas dirua batzeari ekin ziotenetik. Epe horretan, 8.000 euro inguru eskuratu eta 1.000 katilu saldu dituzte. Katilu eta liburu salmentez gain, elkarte eta eragile zenbaitek diru ekarpenak egin dituzte proiektua babesteko. Gartziak uste du Euskal Herria herri solidarioa dela oro har, eta hortaz jabetu dela Zaporeak elkartean lanean pasatutako denboran.  «Zaporeak-en helburua Grezian dauden errefuxiatuak laguntzea da, eta, gero, Euskal Herrian bozgorailu lana egitea; hiruron erronka pertsonal bat izan da Kikarakada elkarlanean jaiotakoa». 2016tik dihardu Zaporeak elkarteak Grezian bizi diren errefuxiatuak laguntzeko proiektuak garatzen, batik bat elikagai banaketaren bidez.

Hurrengo urratsak

Gaur-gaurkoz, baliabideak biltzen jarraitzen dute, oraingoz diru formatuan, eta bukaera data zehatzik ez dute oraindik. Halere, dagoeneko hasieran markatutako zenbait asmo aldatu egin dira. «Zirkulua nola itxi pentsatu behar dugu orain; egoera oso aldakorra  eta ezegonkorra da Lesbosen: ezin dugu erabakia orain hartu», zehaztu du Izagirrek. Izan ere, proiektua publikoki aurkeztu zutenean bi eragin eremu zehaztu zituzten: Lesbosko Pikpa kanpamentu ez-ofiziala eta Refugees for Refugees elkartea. Orain, egoera aldatu egin da. «Gure asmoa zen Lesbosera beste bidaia bat egitea bi proiektu horiei dirua pertsonalki emateko; baina egoerak gainezka egin du irlan, eta ez dakigu gu hara bueltatzen garenean zerekin egingo dugun topo».

10.000 euroko langa jarri dute kikarek eta liburuek sortutako gastuei aurre egiteko. Hortik aurrera lortzen duten diru guztia nola edo hala Lesbosko haurren hezkuntza sustatzeko baliatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.