Pentsioen erreforma

Manifestazioa egin dute Baionan 1.500 herritarrek, pentsioen erreformaren kontra

Greba mugimenduaren 41. egunean trenbideetako langileen %94k greban segitzearen alde bozkatu dute Baionan. Nekea sumatzen da, hala ere, grebalarien artean.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urtarrilaren 14a
15:18
Entzun

Gutxiago eta nekatuak, baina determinatuak. 1.500 herritarrek manifestazioa egin dute gaur goizean Baionan, Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako erretreta sistemaren kontra. Lan Burtsatik abiatu, eta Kontseilu Nagusiaren aitzinean bukatu dute martxa, «erretreta gurea da; lortzeko borrokatu ginen, eta atxikitzeko borrokatuko gara» oihuen artean. FSU, CGT eta FOk osatutako intersindikala joan da manifestazio buruan, eta LABek eta Solidairesek ere parte hartu dute. Aldarrikapen berarekin segitzen dute 40 eguneko mugimenduaren ondotik: erreforma bertan behera uztea.

Dagoeneko hilabete eta erdi egin dute greban, eta nabari da nekea. «Guretzat, gero eta zailagoa izanen da horrela irautea; ekonomikoki konplikatua bilakatzen ari da anitzentzat», azaldu du Peio Dufau trenbideetako CGTko kideak. «Gogoetan ari gara, nola egin ahal bezain bat iraun eta diru gutxiago galtzeko». Haren hitzetan, enpresa anitzetan mugimendu azkarrak ikusten dira: Frantziako zortzi petrolio findegiak greban dira, eta blokeatuak dituzte; petrolio biltegi bat baino gehiago ere blokeatuak dira. Iraungo balute, erregai eskasia sor liteke epe labur edo ertainean. Frantzia iparraldeko portuetako langileak ere ekonomia anitz kaltetzen ari direla baieztatu du Dufauk. «Hedabideetan ez da hainbeste aipatzen; domaia da. Garrantzitsua da langileek ikustea zer ondorio dituen grebak: orain arte bezala ekonomia blokeatzen badugu, irabazten ahal dugu. Hori goraipatu behar dugu; langileek sinetsi behar dute irabazten ahal dugula".

 

Trenbideetako langileen %94k greban segitzea bozkatu dute gaur goizean, Baionan eginiko biltzarrean. Greban segitu ala ez bozkatzen dute egunero, eta gaur hiru aukera zituzten: greba iraunkorrean segitzea, intersindikalaren agendari jarraitzea edo greba uztea. Lehen bi aukerak gailendu dira, greba iraunkorraren aldeko diferentzia txiki batekin. Izan ere, abenduaren 5ean mugimendua abiatu zenetik modu iraunkorrean greba egin duen sektore bakarrenetakoa da trenbideetako langileena, eta nekea sumatzen zaio bati baino gehiagori. Mugimendua gogortzeko ardura bere gain hartu badute ere, hasieratik erran dute bakarrik ez zutela lortuko, baina orain arte ez dute lortu mobilizazioa gainerako sektoreetara zabaltzea.

«Nekatuak eta kezkatuak» ikusten ditu grebalariak Geronimo Prieto LABeko arduradunak. «Zoritxarrez, ez dugu beste sektoreetatik erreleborik ikusten. Horrek kezka sortzen du greba egiteko modu honetan». Ezinbestekoa iruditzen zaio greba sektore berrietara zabaltzea, eta estrategiaz gogoetatzea nahi du. Ez du uste CFDTren mugimenduek greba ahulduko dutenik, baina berak dio bai Frantziako Gobernuak eta bai sindikatu erreformistak grebarekiko atxikimendua apaltzeko erabiliko dutela. Horregatik, garai «kritikoa» dela uste du sindikalistak; aste hau erabakigarria izanen da, haren arabera.

Haurtzaindegietako langileak

Haurtzaindegietako langileek eta gurasoek protesta egin dute gaur, Haurrik ez zaindegian lelopean, eta pentsioen erreformaren kontra antolatua zen manifestaziora batu dira Baionan. «Haurtzaindegientzat lege berri bat prestatzen ari da Frantziako Gobernua; guretzat, arrunt lotua da gaurko mobilizazioarekin», azaldu du Marie Dol Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak. «Haurtzaindegietan haur gehiago hartzea nahi dute, heldu eta profesional gutxiagorekin. Haurrentzat metro karratu gutxiago ezarri nahi dituzte, gainera. Gu horrekin ez gara ados. Pertsonal diplomadun gehiago nahi dugu, denbora gehiago egiten dugun lana aztertzeko; gure lana hobeki egiteko baliabideak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.