Turismoa

Gipuzkoak «probintzia osora» hedatu nahi du bere marka turistikoa

'Gipuzkoa around San Sebastian' izena izango du atzerriko bisitarientzat; eta ingurukoentzat, 'Gipuzkoa turismoa'. Aldundia plan estrategiko bat prestatzen ari da, turismo eredu «orekatu» bat garatzeko.

Turista talde bat, Donostiako kaleetan. GORKA RUBIO / FOKU
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 16a
13:49
Entzun

Gipuzkoak marka turistiko berria izango du: Gipuzkoa around San Sebastian. Horrek 2016an sortutako Explore San Sebastian region ordezkatuko du. Atzerriko bisitarientzat da, turismo ferietan-eta erabiltzeko —datorren astean aurkeztuko dute Madrileko Fiturren—. «Hurbileko bisitarientzat», berriz, Gipuzkoa turismoa marka erabiliko du.

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak aurkeztu du marka berria. Azaldu duenez, aurrekoari Gipuzkoa gehitzea erabaki dute, eskualdeetako turismo alorreko eragileen eskaerak entzun eta gero. «Donostia marka sendoa da atzerritarrentzat. Baina ate bat izan daiteke, handik probintzia osora zabaltzeko».

Marka berria aurkeztearekin batera, Lasak jakinarazi du aldundia turismoaren inguruko plan estrategiko bat prestatzen ari dela, eredu «orekatu» bat garatzeko. Udaberrian emango du horren berri, baina ildo nagusiak azaldu ditu. Nagusiena: bisitari fluxuak lurralde osora zabaltzea. «Donostiatik haratago esfortzu berezia egin nahi dugu».

Eredu «berri» bat

Plan estrategikoaren oinarrian dago aztertzea turismoak lurraldean zer eragin «ekonomiko, sozial eta kultural» dituen. «Errore bat izango litzateke arrakasta neurtzea bisitari kopuruen arabera soilik».

Hori hala, aldundiaren helburua izango da turismoarekin lotura duten enpresa txikiak bultzatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta alor horretan formakuntza sustatzea, adibidez. Lasak azpimarratu duenez, kontuan hartuko dituzte, halaber, turismoak zer gatazka sortzen dituen «zenbait komunitatetan», eta horiek bideratzeko moduak ere aztertuko dituzte. Eta euskal kulturari «sekulako garrantzia» eman nahi diote. «Bisitariak jakin behar du non dagoen: euskararekin jolastea nahi dugu, gure kulturan sakontzea».

Turisten artean, estatubatuarrak nabarmendu ditu Lasak. «Bitxi bat dira, dirutza uzten dute. Haien bila joan behar gara, eta harrapatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.