U-30 greba orokorra

EH Bilduk ez beste guztiek «politikotzat» jo dute hilaren 30eko greba

EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos eta PPk hauteskundeei begirako greba dela uste. EH Bilduk horien jarrera kritikatu du, greba orokorra «karikaturizatzeagatik».

Joseba Egibar, EAJko bozeramailea. JUANAN RUIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 18a
17:16
Entzun

EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos eta PP ados jarri dira urtarrilaren 30eko greba orokorra kritikatzeko. Hauteskunde urtean egiteko asmoa eta mobilizazioaren izaera «politikoa» salatu dituzte. EH Bilduk, berriz, «oinarrian dauden arazoak mespretxatzea»  eta grebaren «karikaturizatzea» egotzi die gainerako alderdiei.

EAJko bozeramaile Joseba Egibar oso kritikoa izan da grebarekin. Mobilizazioa «lekuz kanpo» dagoela adierazi du Radio Euskadin eginiko eztabaidan. «Hain neurrigabea da, beste agertoki baterako egokitutako iniziatiba bat da, eta denboran deskokatuta dago», nabarmendu du. Era horretan, hauteskunde urtean egitea kritikatu du Egibarrek.

Iritzi berekoa da PSEko Gloria Sanchez legebiltzarkidea. Grebaren atzean «hauteskunde» arrazoiak  daudela azaldu du, «Euskadiko Gobernuari pultsu bat botatzeko» asmoarekin. Sanchezek gehitu du «ulertezina» dela antolatzaileek atzera egin ez izana, Espainian gobernu «progresista bat» ezarri ostean. Madrilgo gobernu berriari «konfiantzarako tartea» eman behar zaiola uste du Elkarrekin Podemoseko Edurne Garciak ere. «Demokraziaren historian ezkerrerago egon den gobernua da», azpimarratu du. Garciak gehitu du Elkarrekin Podemosek «aldarrikapen sozialen inguruko mobilizazioak» babesten dituela, baina kasu honetan «hauteskunde aurreko» ikuspegi batetik deitu dela greba orokorra.

PPko bozeramaile Carmelo Barrio izan da antolatzaileen aurka gogorren egin duena. Haren ustez, ELAk eta LABek «etsaitasun eremu bat» bilatzen dute, «ezer eskaintzen» ez duen grebarekin. Halere, Eusko Jaurlaritzari ere egin dio kritika. Gobernuaren eta sindikatuen arteko harremana «porrot iraunkor bat» dela nabarmendu du, lehenaren «gaitasun ez historikoagatik» eta bigarrenen «boikotagatik».

EH Bildu, grebarekin bat

EH Bildu izan da urtarrilaren 30eko greba orokorraren alde agertu den bakarra. Iker Casanova parlamentariak adierazi du gehiengoa duten sindikatuek deitutako mobilizazioa dela, «pentsiodunen elkarteen gehiengoak eskatuta». Horregatik, grebaren «interes elektoralaz» mintzo, gainerako alderdien argudioak kritikatu ditu: «Ez dakit esan nahi duten ELAk eta LABek EH Bilduri mesede egiteko deitu dutela greba. Esan dezatela argi uste badute herri honetako sindikatuek eta pentsiodunen mugimenduaren gehiengoak hala funtzionatzen dutela». Gauzak horrela, greba «karikaturizatzea» egotzi die. Casanovak gogoratu du ez dela «gobernuen aurkako» greba, «politika zehatz batzuen aldekoa» baizik.

Iñigo Urkullu lehendakariarentzako hitzak ere izan dira. Casanovak bere eginbeharrei aurre ez egiteaz akusatu du lehendakaria, sindikatuekin biltzeari uko egiteagatik. Hori jokaera «sektario eta alderdikoia» da, EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan. Egibarrek, ordea, adierazi du ELA eta LAB sindikatuak direla hitz egin nahi ez dutenak, horretarako prestatutako lekuetan. Gaineratu du Nafarroako presidente Maria Txibite horiekin biltzeko arrazoi bakarra aurrekontuak onartzeko EH Bilduren abstentzioaren beharra izatea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.