Futbola

Iseka arrazistak salatu ditu Williamsek

Athleticek Espanyolen aurka Cornellan jokatu duen partidan iraindu dute aurrelaria.

Iñaki Williams. MORELL / EFE
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 25a
22:47
Entzun

Iñaki Williams Athleticeko aurrelariak Espanyolen aurkako partida bukatu ondoren salatu du zale batzuek irain arrazistak egin dizkiotela Cornella-Prat estadioan. "Triste noa berdinketarengatik, baina gehienbat irain arrazistak jasan ditudalako. Arraza beltzeko edo beste arraza bateko inork entzun beharko ez lukeen zerbait da. Lekuz kanpo dago erabat".

Williamsek Athleticeko prentsa zerbitzuari egin dizkio adierazpen horiek partida bukatuta, eta klubak berak argitaratu ditu Interneten. Partidako irudietan Gaizka Garitanok Williams zelaitik kendu duenean gertatu dena ikusi ahal izan da. Athletic korner bat ateratzera zihoan, eta Williams jada zelaitik kanpo zegoen Espanyoleko atearen ondoan. Bartzelonako taldearen zale batzuk tximinoen oihuak egiten ikus daitezke irudi horietan, eta Williams harmailetara zuzenduta haiei erantzuten.

Espainiako hedabide batzuek argitaratu dutenez, Williamsek Iker Muniain kapitainari erran dio epaileari irain horien berri emateko, baina Jose Maria Sanchez Martinezek ez du aktan jaso. 

 

Politikarien erreakzioak

Politikari batzuk ere mintzatu dira Athleticeko aurrelariak jasan dituen irainei buruz. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Twitterren idatzitako mezu baten bidez babesa erakutsi dio Williamsi: "Ordezkari politiko, Athleticeko bazkide eta euska herritar naizen aldetik, nire babes, hurbiltasun eta maitasun osoa". EH Bilduk eta Ahal Duguk ere sare sozial berbera erabili dute mezuak emateko. Koalizio abertzaleak adierazi du eraso arrazistak ez direla onargarriak "ez kirolean, ez inon", eta Lander Martinez Ahal Duguko idazkari nagusiak ere hagitz antzeko mezua eman du.

Baina Euskal Herritik kanpoko ordezkari batzuek ere iritzia eman dute afera horri buruz. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Pablo Iglesias presidenteordeak mezu bana idatzi dute Twitterren. Sanchezek erran du ezin direla "gehiago onartu mota horretako komentario arrazistak", eta Iglesiasek, berriz, adierazi du jarrera horiek gertatzen uztea "ulertezina" dela.

Espanyol taldeak adierazi du Williamsi egin dizkioten irainak "zorrotz eta esplizituki" gaitzesten dituela, eta hitz eman du ikertuko duela egileak nortzuk diren.

Istiluak partidaren aitzinetik

Partida hasi baino lehen istiluak sortu dira Espanyoleko eta Athleticeko zale batzuen artean, eta Mossos d'Esquadrak jakinarazi du bortz pertsona atxilotu dituela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.