Turismoa
Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa bisitatu duten turisten kopurua %3,6 hazi da 2019an
Datuek hobera egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalarientzat, baina okerrera Arabakoentzat. Apartamentu turistikoek geroz eta merkatu kuota handiagoa dute.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bisitatu zuten turisten kopuruak gora egin zuen 2019an. Eustatek argitaratutako datuen arabera, 3.441.967 lagun izan ziren hiru lurraldeetako batean joan den urtean: 2018an baino %3,6 gehiago. Modu berean, gora egin zuen EAEko ostatuetan turistek igarotako gauen kopuruak ere: 7.021.938 erregistratu ziren, aurreko urtean baino %3,3 gehiago.
Hazkundea, ordea, ez da orekatua izan hiru herrialdeetan. Hiruetatik bisitari gehien jaso zuena Bizkaia da (%46,9), eta, bertan, %3,9 hazi ziren sarrerak. Hazkunde handiena, berriz, Gipuzkoak izan zuen; 2018an baino %5,6 bisitari gehiago jaso zituen, eta hiru lurraldeetako batera datozen bidaiarien %39,7 joaten da bertara. Araban, bestalde, behera egin dute zenbakiek: %2,9 murriztu da lurraldea bisitatu dutenen kopurua.
Bisitariak jasotzen dituzten establezimenduen artean, apartamentu turistikoek gorakada izan dute azken urteetan. Joera hori baieztatu egin dute Eustaten datuek ere: gisa honetako apartamentuek 89.986 pertsona jaso zituzten 2019an, 2018an baino %13,5 gehiago. Agroturismoek eta landetxeek, berriz, behera egin dute: 167.007 lagun jaso zituzten, aurreko urtean baino %3,1 gutxiago.
Prezioak eta urtaroak
Araba, Bizkai edo Gipuzkoako ostaturen batean gaua igarotzeko 93,4 euro ordaindu behar izan ziren, batez beste; 2018an baino %3,2 garestiago. Lurralderik merkeena Araba izan zen (72,4 euro eguneko); jarraian, Bizkaia (85,8 euro); eta garestiena, Gipuzkoa (109,7 euro).
Turismoak nagusiki udako hilabeteetan eragiten du EAEn, baina urtaro horretatik kanpoko turismoak ere gorakada izan du: azken hiru urteetan, %12koa —%6 hazi da udako turismoa—.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.