Kobe Bryant

Sugearen mila hozkadak

NBAko mito gorenen mahaian esertzea lortuta ere, ez zuen agortu nerabe zenetik erregai erabili zuen neurri bako anbizioa. Goi-goian zela, emakume baten isiltasuna erosi zuen bortxaketa kasu batean.

Bryant Sacramento Kingseko aurkariei ihes egin nahian, 2014. urteko argazki batean. MICHAEL NELSON / EFE
Danel Agirre.
2020ko urtarrilaren 27a
16:19
Entzun

Multinazionalen gerizpean bere burua marka komertzial bilakatzen duten atleten aroan, Kobe Bryantek manba beltza aukeratu zuen Nike etxearekin merkaturatutako produktuen ikur moduan: munduko sugerik pozoitsuena da, habitata Afrikako ekialdean duena. Bere hozkadek orban handirik eta efektu berehalakorik eragiten ez dutenez, bereziki traidorea da. Minutu gutxiren buruan hiltzen du biktima. NBAn sekula izan den saskiratzaile konpultsiboenetakoarentzat, irudi aproposa da narrasti arriskutsu hori. Haren bizitza zibileko pasarteren bat freskatzeko ere egokia da, ordea.

Joe aitak —profesionala hura ere— familia Italiara eraman zuen zen garaitik, Bryant prestatzen hasi zen munduko saskibaloi jokalaririk onena izateko . Lanean ikusi zuen oro harritu zuen bere burugogorkeriarekin: 30 urtez, bakarka entrenatu zen, oporrik barkatu gabe, saio amaigabeetan.

NBAko inoizko hasiberri gazteena bihurtu zen Los Angelesen Lakersekin debuta egin zuenean, eta txapeldun zen laugarren sasoirako. Urtebete lehenago, ia Grant Hill Detroit Pistonseko hegalekoarekin trukatu zuen frankiziako zuzendaritzak. Lakersen eta Bryanten elkarkidetza gero eta estuagoa bilakatuz joan zen, eta guztiz apurtezina zen amaieran.

Bost eraztun eskuratu zituen Bryantek guztira, bi ziklo arranditsutan. Bada konpainia nobleegia (Shaquille O'Neal, Pau Gasol eta beste) baliatu izana aurpegiratu dionik. Haren ibilbide osoa aztertuz gero, ideia horrek ez du helduleku handirik, ordea.

Munduko saskibaloi jokalaririk onena bilakatzeko kasketak berekin dakar Michael Jordanekin obsesionatzearen madarikazioa, ezinbestean; are gehiago, eskolta postuan dabilen jokalariarentzat. Arlo batzuetan, eta ordura arte ezinezkoa bazirudien ere, ligaren ikur nagusiaren parera iritsi zen Bryant. Bakar batean, jo eta pasa ere egin zuen. Hainbat espezialistaren iritziz, keinu tekniko batzuetan perfekziora iritsi diren bakanetakoa da (bere kasuan, esekidurazko jaurtiketan, ororen gainetik). Minutu gutxitan puntu asko pilatzeko haren ahalmenak ere ez du parekorik historian: ignizioan, erabat geldiezina zen. Hortik Manba Beltzarena.

Noizbehinkako zaleari lagako dion erreferentziazko oroigarria Toronto Raptorsi saskiratutako 81 puntuak dira (Smush Parker, Chris Mihm eta Kwame Brownekin, fardelez jositako bostekoa zuen Lakersek hartan, eta horrek are harrigarriago bilakatzen du Bryanten gaua). Ondoren, zazpi lehia jarraian galduak zituen talde bat suspertzeko, 50eko marka lau aldiz segidan gainditu zuen astebetean. Los Angelesek laurak irabazi zituen, eta ordura arteko Phil Jackson entrenatzailearen erreskadarik txarrena itxi.

Setiatuta zegoela, aitorpena

2003ko uztailaren 2an, eskuin belaunean artroskopia egiteko ordua zuen Kobe Bryantek Eaglen, Coloradon. Ebakuntza egunean, Poliziak deklarazioa hartu zion aurreko gauean hotelean izandako gertakari baten inguruan: ostatuko 19 urteko behargin batek bortxatu izana leporatu zion Bryanti. Akusatuak ukatu egin zuen hasieran salaketa (alaba jaio berria zuen), baina bertsioa aldatu zuen, Poliziak beraren esperma laginak zituela jakin zuenean. Bien arteko harremanak «adostuak» izan zirela argudiatu, eta detektibe pribatu talde batek biktima jazartzeari ekin zion, kasua ezeztatu zezaketen ahulezien peskizan.

Prentsaurrekoa deitu, malko artean emazteari barkamena eskatu, eta hurrengo sasoia prestatzeari ekin zion Bryantek. Coloradora bidaiatzen jarraitu behar izan zuen, ordea: kausaren auzi saioek ez zuten itxura onik, eta, bere kirol ibilbidearen amaiera izateko arrisku benetakoa antzeman bezain pronto (fiskalak lau urteko kartzela zigorra eskatzeko prestatzen ari ziren), estrategia aldatzea erabaki zuen. Biktimaren isiltasuna erosi (zenbatekorik ez da sekula zabaldu), eta aitorpen bat eskaini zion, karguak baztertzearen ordainetan. Momentuan inor bortxatu izanaren irudipenik ez zuela izan azaldu zuen, baina gaineratu ezen, denborarekin, ulertu zuela beste aldeak oso bestela hautematen zuela. Bortxaketa zeharka aitortzearen truke, Bryanten lege ordezkariek akordio blindatu bat egin zuten, esandakoa haren aurka erabil ez zedin.

Erretiro aurreko azken urteak kalbario bilakatu zitzaizkion lesioak zirela medio. Hollywoodek hain gustuko duen ukitu minberarekin zipriztindu zuen Kobe Bryanten jardunbidearen kontakizun ofiziala. 2013an orpazurda apurtu zuenetik hiru urte geroago azken partida 60 punturekin amaitu zuen arte, omenaldi amaigabea egiten zioten NBAko kantxa guztietan. Manba Beltzak bere ekarpena gehitu zion, 2017an Oscar saria jaso zuen Dear Basketball film laburra ekoitzita. Emakumezko saskibaloiaren sustatzaile moduan ere gogoratuko da Bryant, paradoxikoa badirudi ere. Hil baino bost egun lehenago, aldarrikatu zuen Diana Taurasi, Maya Moore eta Elena Della Donnek gonbita jaso behar luketela NBAn gizonezkoekin berdinetik berdinera jokatzeko. Ordu luzeak eman ohi zituen helikoptero istripuan alboan zuen Gianna alaba entrenatzen. Harro zegoen, hain berea zuen perfekziorako grina antzematen ziolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.