Ekialde Hurbila

Jerusalem ekialdea «lurralde bikoitza» izatea proposatu du Trumpek

AEBetako presidenteak Israelentzat onuragarria den «bi estatuko egiazko irtenbide bat» aurkeztu du, eta onartzekoak ia ezinezkoak diren baldintzak ezarri dizkie Palestinako agintariei.

Netanyahu eta Trump, gaur, Etxe Zurian. EFE
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 28a
21:47
Entzun

Agerraldiaren eszenaratzeak agerian utzi du, hasiera-hasieratik, proposamen sorta ez dela gatazkako bi aldeentzako onuragarria izango, eta soilik bat agertuko dela pozik. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea prentsaren aurrera atera da, Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa alboan zuela, eta palestinarren ordezkaritzarik gabe, «mende honetako egitasmorik handiena» deitu duen neurri sorta aurkeztera: laburbilduta, AEBek Israeli hamarkadotan egin dituen aldarrikapenak aitortuko lizkioke, eta Palestinak estatu bat egituratzeko aukera izango luke, baina nahi baino mugatuagoa, hainbat aldarrikapenetan amore eman beharko lukeelako. «Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik onena zara», esan dio Netanyahuk Trumpi, proposamenen berri eman ostean. Etxe Zuriak hiru urte behar izan ditu proposamen sorta hori osatzeko, baina jaio eta berehala hiltzeko arrisku handian dago.

2017ko otsailean, AEBetako presidente kargua hartu eta hilabetera, Trumpek bizkarra eman zion bi estatuko irtenbideari. Orain, ordea, badirudi ideia hori berreskuratu duela, baina Israelen interes ia guztiak betetzeko helburuarekin. Proposamen berriaren arabera, planaren erdigunean egongo litzateke Jerusalem: AEBek hiri hori joko lukete Israelen hiriburutzat —«zatitu gabeko hiria»—, eta, aldi berean, Jerusalem ekialdearen «parte batzuk» izango lirateke balizko Palestinako Estatuaren hiriburua, kontraesankorra dirudien arren.

Ez da kasualitatea Trumpek hauteskunde urtean aurkeztea  Ekialde Hurbilerako proposamena. Buruzagi errepublikanoak bigarren agintaldia du helburu —azaroaren 3an dituzte bozak—, eta ez Israelen eta Palestinaren elkarbizitza erraztuko duen bide orri bat osatzea; arrazoi horregatik aurkeztu du egitasmoa impeachment prozesu betean, eta Israelgo Parlamenturako hauteskundeen atarian —martxoaren 2an dira—. Netanyahu, gainera, ustelkeria kasuengatik auzipetuta dago, eta Trumpen plana bultzada garrantzitsu bat izan liteke hitzordu horri begira.

AEBetako presidenteak bi estatuko irtenbidea proposatu duen arren, onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak ezarri dizkie Palestinako agintariei: Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortzea, eta orain arte eraikitako kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, adibide batzuk aipatzearren. Hortaz, Palestinako Estatua Zisjordaniak eta Gazak osatuko lukete, eta biak tunelen bidez egongo lirateke konektatuta. «Bi estatuko egiazko irtenbide bat da», aldarrikatu du AEBetako presidenteak.

Trukean, Israelek kokaguneen eraikuntza etengo luke lau urtez. Netanyahu pozik agertu da Trumpekin: «Plan egokia da. Aurrekoek huts egin dute balantzarik ez dutelako lortu [Israelen eta Palestinaren helburuen artean]».

Onurak saldu nahian

Agintariaren arabera, Palestinako Estatu horrek egun palestinarren esku dagoen lurraldea bikoiztu egingo luke, nahiz eta prentsaurrekoan ez duen esan zehazki zer eremuri buruz ari zen. «Gaurkoa [atzokoa] Israelentzat pauso handi bat da  bakera begira. Palestinarrentzat ia milioi bat lanpostu sortuko lituzke, eta bere barne produktu gordina hirukoiztuko luke», adierazi du AEBetako estatuburuak.

Ordea, Trumpek auziari erreferentziarik egin ez dion arren, baiezkoak beste baldintza bat izango luke: Netanyahuk adierazi du Jordango harana Israelen kontrolpean egongo litzatekeela, eta AEBek errealitate hori aitortuko luketela: «Gure burua defendatzeko balioko liguke ekialdean muga iraunkor bat izateak».

Lur emankor horiek Zisjordaniaren %30 inguru osatzen dute, Jordaniarekiko mugan daude eta palestinarrek Zisjordaniaren zati dela aldarrikatzen dute. Hortaz, ez da argi geratu palestinarrek nola bikoiztuko luketen euren kontrolpeko eremua Jordaniako haranik gabe.

Neurri ekonomikoak

Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka konpontzeko planak izan dezakeen etorkizunaren isla izan zen iragan urtean AEBek  Bahrainen egin zuten konferentzia. Jared Kushner Trumpen aholkulariak plan horren neurri ekonomikoak aurkeztu zituen hitzordu horretan, baina arrakasta gutxi izan zuen.

Plan horren arabera, 44.000 milioi euroko inbertsioa egingo lukete Ekialde Hurbilean, eta kopuru horretako 25.000 milioi izango lirateke Palestinarentzat; gainerakoa Jordaniaren, Egiptoren eta Libanoren artean banatzeko erabiliko lukete. Konferentziak, ordea, parte hartze apala izan zuen, eta palestinarrek boikot egin zioten; AEBetako presidentea, halere, diru laguntza horri eutsiko diola adierazi du gaur.

Plana publiko egin aurretik ere, Palestinako agintariak Trumpen asmoen kontra agertu dira, eta datozen egunotan jarrera bera sendotzea espero da. Atzo bertan, AEBetako presidentearen proposamenari eman beharreko erantzunaz eztabaidatzen aritu dira Zisjordanian agintean dagoen Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) presidente Mahmud Abbas eta Gazaren kontrola duen Hamas taldearen buruzagi Ismail Haniyeh; bi agintariek palestinarren arteko batasuna jo zuten lehentasuntzat. Ramallahn, gainera, palestinarren sektore guztien ordezkariak elkartu dira erantzun komun bat adoste aldera.

Lehen erreakzio ofiziala Palestina Askatzeko Erakundeak eman du, Twitter sare sozialaren bidez: «Bakea lortzeak nazioarteko legediaren printzipioak errespetatzea exijitzen du».

Trumpek sei asteko tartea eman die bi aldeei proposaturiko testua onartu edo atzera botatzeko. Israelgo oposizioko Urdina eta Zuria koalizioko buru Benny Gantzek iragarria du martxoko bozen ostean hausnartuko duela gaiari buruz; Abbas Arabiar Liga osatzen duten estatuetako Atzerri ministroekin biltzekoa da bihar, auziaz eztabaidatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.